GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Saralegi, azken espezialista

Amezketakoak urteko zitarik garrantzitsuena izango du gaur Urrutikoetxearen aurka Balmasedan.

p047_f02.jpg

Jon ORMAZABAL

Kirol gehienetan bezala, pilotan ere badira urte osoan zehar lehiatu behar izaten duten pilotariak eta urteko sasoi batean euren Tour partikularra izaten dutenak. Azken hauek, ordea, ez dira horren errentagarriak eta gero eta leku gutxiago izaten dute goi mailako lehiaketetan. Horixe da Ekaitz Saralegiren kasua eta gaur gauean izango du urteko zitarik garrantzitsuenetako bat, urtez urtez bere kontratua berritzeko -otsailera artekoa du- aukera ematen dion lehiaketa, kaiolakoa.

Beste txapelketetan nabarmentzeko beharrezkoa den kolperik gabe, Amezketako aurrelari finak badaki ia ezinezkoa duela txapela janztea. Baina, era berean, badaki ere, berea emanez gero, gai dela aurkaririk kualifikatuenak estu hartzeko. Galde diezaiotela bestela Martinez de Irujori, 2006an, bere kaiolako lehen txapela jantzi zuen urtean, lanak eman zizkion-eta. Beotibarreko lehian, Saralegi 13-19 joan zen irabazten eta majo sufrituta eman zion buelta Iberokoak (22-19).

Xalak ere Saralegiren aurka pasa zuen bere kirol ibilbideko unerik baxuenetako bat, 2009ko txapelketan, lehen kanporaketan lehiaketatik at utzi zuenean. Mikel Idoate, orain dela bi urte, eta Jon Ander Albisu, iaz, trantze beretik pasa ziren Amezketakoaren kontra. Izan ere, kaiolako lehen kanporaketetako klasiko bat da gipuzkoarra, azken zazpi txapelketetatik seitan -2008koa izan ezik- presente egon baita.

Horietako gehienetan bezala, kolpez bera baino askoz gehiago den pilotari baten aurka jokatu beharko du, Mikel Urrutikoetxearen aurka, hain zuzen ere. Zaratamokoak askoz eskarmentu txikiagoa du lehen mailako kaiolan, baina aurten Buruz Burukoan, baita binaka ere, emandako aurrerapausoa berretsi nahi izango du, agian motzen geratzen zaion distantzian.

Aurkako estiloak

Zozketa izan eta oso ordu gutxira egin zuten, asteazkenean, gaurko partidarako material aukeraketa, eta bakoitzak hautatutako pilotek argi utzi zuen gaurkora bakoitza zein asmorekin doan.

«Kaiolan ibiltzeko pilota politak dira, nireak agian biziagoak dira -104,2 eta 104,6 gramokoak aukeratu zituen- eta Ekaitzenak, aldiz, gehiago geratzen dira frontisean -105,8 gramoko bi aukeratu zituen-», azaldu zuen Mikel Urrutikoetxeak.

«Ni atzean mantentzen saiatuko da eta ezkerra bilatuko dit. Niri tantoa ahalik eta azkarren amaitzen saiatzea dagokit», adierazi zuen Saralegik, bizkaitarra faborito irtengo den partidaren gainean galdeginda.

zita bikoitza

Inolako arazorik gabe aukeratu zituzten Mendizabal III.a, Ezkurdia, Idoate eta Jaunarenak igandean Eibarren jokatu behar dituzten bi partidetarako pilotak atzo Astelenan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo