GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi | Kazetaria

Noren bila zabiltza, Pepe?

Abiadore estiloko betaurrekoen atzean paratuta, ezin asmatu zure begien kolorea. Larruzko jaka horren azpian, baina, gizaseme katxarroa sumatu nuen. Metro eta laurogeitik gora, seguru. 80 bat kilo, asko jota. Kaskoa jantzita eta motorraren gainean, «Jacq's-en bila nabil» haren bertsio maskulinoa etorri zitzaidan gogora. Hankartean zenuen bi gurpilekoaren 125 zentimetro kubikoen (edo 250ekoa zen?) harrabotsak eman zidan atentzioa.

Espaloi alboan geldirik zeneraman tartetxo bat: bi minutu, zazpi, ordu laurden... Zenbat? Motorra itzali, zutik jarri eta inguruko etxe, lantoki edo tabernaren batera joateko imintziorik ere ez zenuen egin. Norbaiten zain zeundela egingo nukeen, heldu bezain pronto bidean jartzeko. Izterrak kolpekatzen zenituen bi eskuez, kantu rockero baten bateria-erritmoan ia. Eta horrek ere eman zidan atentzioa. Maitalearen zain dagoenaren ezinegon naturala? Denbora-pasa dagoenaren plantak egiten dituenaren jardun instintiboa?

Eta ikusi ninduzun pareko espaloian barrena. Noski, ikusi ninduzula. Ez duzu disimulurako balio. Eta zuk ere jakin zenuen ikusi zintudala. Ez daukat-eta disimulatu beharrik. Eta izterrak kolpekatzen segitu zenuen, aurrean zenuen ezkaratzari begira. Momentu horretan jakin nuen, eta ez galdetu zergatik, ate horretatik atera zitekeen inor ez zela zure intereseko. Azkenean, «egoteko» toki egoki samar bat baino ez zela hura. Eta beste nonbait zenituela jarrita betaurreko ilunen atzean ezkutuan jarritako begiak.

Autoan sartu eta nire bideari segitu nion. Aitortu behar dut ispilu txikiari so egin niola, badaezpada ere, zeu atzean utzitakoan. Bertan geratu zinen: abian jartzeko keinurik ez.

Gaur ez zaitut ikusi. Ezta motor beltz berri dotorea ere. Badaezpada ere, galde egin diet ingurukoei zure arrastorik hartu duten-edo. Ezetz, motorzale katxarrorik ezetz; baina auto batean egin omen du tipo batek denboratxo bat. Denbora-pasa edo, itxuraz. Inoren zain, akaso. Zu zinen?

Noren bila zabiltza, Pepe? Edo Carlos zara? Alfredo? Julian? Francisco? Javier? Aitor?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo