GARA > Idatzia > Euskal Herria

Parisen «erantzunik eza» Lebranchu ministroari aurpegiratzeko deia Angelun

Deszentralizazio ministroa Angelun izanen da gaur goizean. Hainbat taldek elkarretaratzea deitu dute, Gobernuak Lurralde Elkargo Bereziaren eskaerarekin agerturiko jokamoldea salatzeko.

Arantxa MANTEROLA | ANGELU

ANEL itsasertzeko hautetsien batzarraren karietara, gaur goizeko 8.30erako, Angeluko Espace de l'Océan gunean, elkarretaratzea deitu du Batera plataformak. Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroa bertan izatekoa da eta protestaren helburua Gobernu frantsesak Lurralde Elkargo Bereziaren (LEB) eskaeraren aitzinean erakutsitako «mespretxua» salatzea da.

«Duela urte bat Lebranchu andereak Euskal Herriko hautetsien delegazioari hitzeman zion hona etorriko zela, lurraldearen eboluzio instituzionalaz mintzatzera. Geroztik segidarik ez, hautetsi eta herritarren artean landutako proposamenei argumenturik gabeko erantzunak baizik. Mespretxua Euskal Herriarentzat eta ez besterik!», nabarmendu du Baterak «ongietorria egitera baino, gure ez-ulertze eta haserrea adieraztera» dei egin aitzin.

Ildo beretik, EH Bai-k ere bere gogaideei eta herritarrei oro har bertaratzeko gomita egin die.

Elkarrizketari uko

Hautetsien Kontseiluko presidente Jean-Jacques Lasserrek ere ez du begi onez ikusi ministroaren etorrera.

Ipar Euskal Herriko arazoak entzutera inoiz jin ez izana leporatu dio: «Bere presentziak jardunaldi hauetan frogatzen du beharrezko deritzonean ministroak denbora hartzen duela Euskal Herrira etortzeko». Lurralde Elkargo Bereziaren eskaera aztertzeko xedearekin «agindutako bisitaldia eta promesak bete gabe» geratu direla ez dutela «ahantziko» gehitu du Lasserrek: «Argi da, ministro andereak Euskal Herriarekin mintzatzeari uko egin diola», esan du Hautetsien Kontseiluaren zein Garapen Kontseiluaren izenean.

Hain zuzen ere, duela egun batzuk bi kontseiluek gutuna igorri zioten Jean-Marc Ayrault lehen ministroari, «argudiatutako erantzuna» eman dezala eskatuz, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako «etorkizun instituzionala aztertzeari» zergatik uko egin dion ulertze aldera.

Eskakizunaren funtsari dagokionez, Parisen «borondate politikorik eza» gaitzesteaz gain, erabilitako formengatik ere azalpenak eskatu zizkioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo