Zonbi danborrada bat, Beldurrezko Zinema Asteari ekiteko
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen 24. edizioak zazpi film estreinatuko ditu. Edgar Wright-en «The world´s end»-ek abiatuko du jaialdia urriaren 26an eta Neil Jordanen «Byzantium»-ek itxi, azaroaren 2an.
GARA | DONOSTIA
Zonbi danborrada batek zabalduko du izu giroa Donostiako Alde Zaharrean urriaren 26an, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 24. Asteari ekiteko, Donostiaren suntsiketaren bigarren mendeurrenari eskainita. Estatu espainiar mailako zazpi estreinaldi jasoko ditu jaialdiak bere sail ofizialean, horien artean, «Au nom du fils», Vincent Lannoo belgikarrarena, Europako fantasiazko film onenaren azken Urrezko Meliesa eskuratu duena. Sitgeseko jaialdian programatu ez bazuten ere, bertan jaso zuen saria joan den astean, 12 herrialdetako 18 jaialditan egindako aukeraketa batetik. «Fantasiazko elementurik ez» duen arren, «kalitate handikoa eta guztiz dibertigarria den komedia beltza» delako aukeratu dutela adierazi zuten.
Donostiako zinema jaialdi honen itxiera, berriz, azaroaren 1ean izango da, Neil Jordanen «Byzantium» filmarekin. Berriro ere banpiroen mundura itzulita, Sitgeseko kartelean dago hau ere.
Josemi Beltran jaialdiko zuzendariak egin zuen atzo aurtengo edizioaren aurkezpena. Emakume ilehori baten gorpua zuen hilkutxa baten ondoan jarrita egin zuen, neskatila ilehoriago baten begirada beldurgarriak lagunduta, «Village of the dammed» film britainiarreko protagonistetako bat gogora ekarriz.
Estreinaldiak
Jaialdiko hainbat filmen izenak eman zituen atzo Beltranek. Horien artean dago Edgar Wright britainiarraren «The world´s end», Renaud Gauthierren «Discopath», Anthony Leonardi IIIren «Nothing left to fear» eta Santiago Alvaradoren «Capa caída». Efektu berezien artisaua den Gabe Bartalos estatubatuarraren «Saint Bernard» filmaren mundu mailako estreinaldia ere Donostian egingo da.
Jordan Barkerrek ere bertan estreinatuko du «Torment», Filmax-en koprodukzio hispanokanadarra da, «slasher azpigeneroa koska bat harago eramaten duena».
Sail ofizialean hamalau film izango dira lehian. Bi Japoniako lan eta Txinako bat daude horien artean, eta gainerakoak Europa eta AEBetakoak dira. Jaialdiak azaldu duenez, bi titulu erori dira karteletik, jaialdiarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik: «Dark touch», Marina de Van-ena, eta «The profane exhibit», Nacho Vilagondok parte hartzen duen atalkako film bat, jaialdirako guztiz bukatzea lortu ez dena.
Gainera, Cannon Filmseko filmeei ziklo bat eskainiko zaie, «Hercules», «Invaders from Mars» eta «The Texas chainsaw massacre» klasikoen proiekzioekin. Z seriearen eta espainiar «underground»-aren aitari ere omenaldia egingo zaio sail ofizialean, Pedro Tembouryren «La última película de Jess Franco» filmarekin.
Jaialdiaren inguruan ekitaldi ugari egingo dituzte, tartean, hiru erakusketa. Informazio guztia eskuragarri dago www.donostiakultura.com/terror/2013/. atarian.