Kukai eta Tanttakaren «Komunikazioa-Inkomunikazioa» Donostian
GARA | DONOSTIA
Kukai Dantza Konpainiak eta Tanttaka Teatroak elkarlanean osatu duten laugarren lana da «Komunikazioa-Inkomunikazioa» -kasu honetan Arriaga antzokiarekin batera-, eta asteburu honetan Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da ikusteko aukera, larunbatean eta igandean, 20.00etan.
Mireia Gabilondok zuzendu eta Jon Mayaren koreografia duen ikuskizun honek izen bereko Mikel Laboaren lana du inspirazio iturri eta dantza tradizionala eta garaikidea uztartzen ditu. «Komunikazio-inkomunikazio dikotomiaren begietatik ikusi ohi zuen sarritan Mikel Laboak, eta inspirazio iturri horrek irekitako leihoetan ipini dugu begirada», azaldu zuten arduradunek.
«Gizabanakoak, kolektibitateak, mundu edo unibertsoak etengabeko harremanetan bizi dira. Komunikazioan edo inkomunikazioan. Dantzatuz, kantatuz, oihu eginez edo isiltasunez elkarrizketak sortuz edo bakarrizketetan igeri eginez edota arte jardueren eta pertsonen arteko mugak urratuz, komunikatuz, inkomunikatuz» sortzen da ikuskizuna.
Gainera, ikuskizunak irauten duen bitartean, antzokiko haurren tailerra martxan izango da 6-12 urte artekoentzat.