MIKEL LABOARI BURUZKO JARDUNALDIAK
Denbora igaro arren, «txoriak txori» izaten jarraituko du
Amaitu dira Donostian Mikel Laboari eskainitako jardunaldiak, baina luzaroan dastatzeko moduko zapore ona utzi diete bertaratutakoei. «Txoria txori» kanta ezagunarekin hasi zen arratsaldea eta honek euskal tradizioan duen garrantzia aztertu ostean bestelako kantei heldu zieten Josetxo Silguero eta Iñaki Salvador musikariek Koldobika Jauregi artistaren laguntzaz. Beñat Axierik emanaldiari amaiera biribila eman zion kalean kantatuz.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Mikel Laboa Katedrak martxan jarri zituen jardunaldiek azken eguna izan zuten atzo. Aurreko egunetako martxari jarraituz, hitzaldiekin hasi zen eta musika emanaldi bereziarekin amaitu. Denis Laborda izan zen, etnologoa eta Pariseko CNRSko Ikerkuntza zuzendaria.
Laboari buruz asko esan da egun hauetan, baina bere musika, hain ezaguna izateagatik, gutxi entzun dugu jardunaldietan. Labordak, ordea, «Txoria txori» hartu zuen eta kantaren bertsio desberdinak tartekatu zituen bere diskurtsoan.
Kanta ezagun ugari konposatu zituen artista donostiarrak, baina «Txoria txori» da aipagarrienetako bat. Eskolan ikasi eta gurekin hazten doa, norberaren oroitzapenei lotuz euskal izaeraren parte egitea lortzen duen arte. «Tradizioa guk nahi duguna da -azpimarratu zuen Labordak-. Tradizioa guk garatzen dugun ikuspegi bat da. Iraganetik mantentzen den zerbait izan daiteke edo orain gertatzen ari den zerbait, baina iragan komun bat eraikitzen lagunduko diguna».
Labordaren ustez, «Txoria txori» euskal tradizioaren parte da jada eta hori lortzeko hainbat ezaugarri biltzen ditu. Alde batetik, kantatzeko erraza da edozein ahotsekin abes daitekeena. Bestetik, gogoratzeko erraza ere bada errepikakorra delako. Azkenik, bakoitzak bere erara kantatzea ahalbidetzen du, eta honela, gure bizitza politiko zein pertsonalaren une desberdinetara egokitzea posible da.
Kantu hau unibertsala da, jorratzen duen gaiagatik, baita abestu duten hainbat eta hainbat artistari esker, enbaxadorerik onena Laboa bera izan bazen ere. «Euskal kanten bilduma guztietan ageri da eta askatasuna irudikatzen du. Txoria kaiolan sar dezakezu eta bere nolakotasuna kendu edota den bezalakoa maite eta, libre izanik, ihes egiteko arriskuan jarri. Laboak frankismo garaian musikatu zuen kanta hau, euskararen debekuaren kontra», azaldu zuen etnologoak. Jarraian hain ondo ezagutzen ditugun estrofen bertsio desberdinak jarri zituen: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarena, Maite Itoiz eta John Kellyrena, Audience taldearena, Anne Etchegoyenena... «Denek kantatzen dute, -bota zuen adituak, esandakoari indarra eman nahian-. Bera ezagutzeko aukerarik izan ez dugunok gizon hura ona zen inpresioa jaso dugu eta topaketa zoriontsuak probokatzen bazekiela».
Une hunkigarriak
Labordak jarritako bertsioen ostean, Iñaki Salvador eta Josetxo Silguero musikariek zuzenean musikatu zuten bideo bat, lehena soinuarekin eta bigarrena klarinetearekin. Musika isildu eta bideoaren azken irudiak ikusten ari ziren bitartean, Laboaren hainbat kantaren zatiez osatutako narrazio bat irakurri zuen. Honek kantariaren izaerari eta utzitako arrastoari egiten zion erreferentzia: «Konturatzen gara gure egunerokotasunean erabat murgilduta zaudela. Kontuatzen gara gure egunerokotasunean erabat murgilduta zaudela». Halako batean, onomatopeiak oihukatzen ari zela, Salvadorrek pianoa jotzeari ekin zion musikari beste tarte bat eskainiz; Laboaren alargun Mari Sol Bastidari eskaini zioten horietako bat.
Amaierako sorpresa Beñat Axiarik eman zuen. Honek bertaratutakoei zirkulu bat osatzeko eskatu zien eta zenbait artzain kantu eskaini zituen kalean, dantzari baten laguntzaz. Azken egun hau guztietan hunkigarriena izan zen. Txaloez gain malkoak ere izan ziren, baina ez tristeak, oroitzapen politekin lotzen diren horietakoak baizik.
Laboak euskal kulturaren pizkundearen parte aktibo izateagatik eta euskarari bultzada bat ematen laguntzeagatik egindako lanak euskaldun guztion bihotzean txoko bat bereganatu zuen. Egun hauetan izan diren jardunaldietan ondo ikasi dugu bere ibilbidea ez dela alferrikakoa izan. Ezkutuan, ia ahaztuta, zeuden kantak berreskuratu eta bere egin zituen arrakastaren unerik gorenean kokatuz. Belaunaldiz belaunaldi kanta soilak baino gehiago ziren hizki horiek errepikatu ditugu etengabe, eta gure herriaren ereserki bilakatu dira. Laboaren izena bidean galdu da zenbaitetan, berak sortu zituen abestiak zirela jakin gabe kantatzen jarraitzen baitira eta kantatzen jarraituko dira, eta hori oso gutxik lortzen dute: kanta herrikoi ia ahaztuak berreskuratu eta kanta herrikoi ahaztezin bilakatzea. «Baga, biga, higa» edo «Txoria txori» bezalako doinuak nazio baten esku jarri zituen eta gure historiaren garai zehatz baten ikur bilakatu zen.
Jardunaldietan ere ikasi dugu Laboa gizon berezia zela gaztetatik. 19 urterekin musika klasikoa gustuko zuela eta laster bere doinu propioak sortzen hasi zela, esperimentazioan murgildu zela eta hortik atera zirela sailkatzen hain zailak diren «lekeitioak». Orain gu izan gaitezke Laboa Koldo Mitxelenako ganbaran dagoen instalazio musikalari esker. Artistaren inguruan esan den guztia ulertu ostean errazagoa izango zaigu «Laboa gertutik» erakusketa xumeak eskaintzen digunaz gozatzea. Azaroaren 26ra arte izango da ikusgai. N.B.