GARA > Idatzia > Kultura

Bartzelonako ateak irekiko dizkio hamaseigarren urtez EH Sonak euskal musikari

Berri Txarrak eta beste hainbat talde ezagun, Euskal Herritik lehen aldiz aterako diren taldeekin batera. Beste urte batez, Euskal Etxeak EH Sona aurkeztu zuen atzo, euskal musikaren leihoa Bartzelonan.

p048_f03_93x84.jpg

Beñat ZALDUA | BARTZELONAN

Dena prest dute Bartzelonan urriaren 25ean EH Sona hasteko, 16 urtez euskal musika Kataluniara eraman duen jaialdia. Atzo aurkeztu zuten Orio Born jatetxean aurtengo programa, urtero bezala musika talde ezagunak dakartzana baina, aldi berean, lehenengo pausoak ematen ari diren talde berriei Bartzelonako agertokiak irekitzen dizkiena. «Oso garrantzitsua da hori», Joseba Baleztena gitarra-jotzaileak aurkezpenean esan zuen bezala, oso zaila baita «Bartzelonako zirkuituan aukera bat lortzea». Denbora bat darama hirian eta badaki, beraz, zertaz ari den. Bere taldeak, Sexty Sexers-ek, berriz joko du EH Sona honetan, azken bi urteetan kontzerturik ez eman ostean.

Hala ere, karteleko talde nagusia Berri Txarrak da. Talde nafarrak azaroaren 8an joko du Razzmatazz areto ezagunean. Han joko dute ere Su Ta Gar-ek -azaroaren 30ean- eta Gatibuk -azaroaren 23an-. Kepa Junkera -abenduaren 5ean- eta Bide Ertzean-ekin batera -urriaren 25a-, hauek izanen dira jaialdiko talderik ezagunenak.

Halere, esan bezala, EH Sonaren ardatzetako bat talde berriak eta Euskal Herritik gutxitan irten direnak dira. Horrela azaldu zuen Euskal Etxeko programazio arduradunak, Aitor Arrutik: «Talde ezagunak ekartzen ditugu, baina hasten ari diren taldeen aldeko apustua ere egiten dugu, aukera bat izan dezaten Kataluniako zirkuituan». Ildo horretan, aurreko hilabeteetan EH Sona lehiaketa izan da, 23 taldek parte hartuta. Irabazleak, Eskean Kristö rock taldeak, Gatiburekin jotzeko aukera izanen du Razzmatazzen.

Baina ez da dena rocka eta trikitia izanen. Euskal Etxeko kultura arduradun Iñaki Lazkanok azaldu zuenez, «Euskal Herrian egiten den musikaren isla ekartzen saiatu gara, rock eta folketik haratago joanez gauza oso interesgarriak daudelako». Beste estiloen artean, hip-hopak bere lekua izanen du Bad Sound Systemekin -azaroaren 6an Apolo aretoan-, hala nola jazzak, Igelaren Bandaren eskutik -azaroaren 14an Harlem Jazz Club-ean-.

Egonen da ere esperimentuetarako lekua. Besteak beste, Gose eta Anai Arrebak taldeek agertokia partekatuko dute urriaren 26an KGB aretoan, «trikitixa eta soinu elektronikoak barreiatzen», Lazkanoren hitzetan. Horrez gain, azaroaren 26an Fontanako Espai Jove-ak «Ahots talka-Xoc de veus» esperimentua hartuko du. Labur azalduta: bertso euskaldunak, glossador katalanak eta hip-hopa, dena batera saio berean.

Osotara, datorren ostiraletik abenduaren 6ra, 17 ekitaldi eskainiko ditu EH Sonak, Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenagaren hitzetan, «Euskal Herritik kanpo egiten den euskal musika jaialdirik garrantzitsuena» denak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo