GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Urquijoren xelebrekeriak, zeren sintoma ote?

Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijoren jardun gogotsu bezain xelebreari nekez aurki dakioke gutxieneko logika politiko, sozial edo juridikoa. Obsesioak ez direla onak esan du Martin Garitanok, honek Herrira-ren aurkako operazioak kaltetutako bi lagun Gipuzkoako Aldundian hartzeagatik Urquijok Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzara jo duela-eta, eta beharbada, Madrilgo Gobernuaren ordezkariaren jarrera ulertzeko norabide egokia seinalatu du. Garitanok esan du ez dela Auzitegi Nazionalak bi urtez jarduna eten dion mugimenduarekin bildu, polizia operazio batek kaltetutako bi lagunekin baizik. Edonork -are Urquijok ere- ulertzeko moduko keinua da ahaldun nagusiarena, baina badirudi Espainiaren ordezkariaren adimenak interferentziaren bat duela, patologien arloan bilatu beharrekoa. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari igorritako idatzian dioenez, Garitanok lagun horiek hartu izana «terroristak txalotzen dituztenenganako sentsibilitatearen eta biktimenganako mespretxu etengabearen beste froga bat» da, eta horrelako pertzepzio bitxia mehatxuekin osatzen du («suarekin jolasean dabil»). Biribiltzeko, gainera, probokatzailetzat jotzen du ahaldun nagusiaren jarrera, nork eta bere eginkizuna probokatzea dela erakusten tematuta dagoen ordezkariak. Xelebrea, ulergaitza, trauskila... baina ez harrigarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo