European Amlin Challenge
Biarritzek ezin du bere zaleen aurrean hutsik egin
Zuri-gorriek gaur arratsaldean jokatuko dute Agileran, 15.00etan hasita, Oyonnax taldearen aurka.
Jon LEUNDA
Biarritzek ezin du gehiago itxaron, eta denboraldiko bigarren garaipena ahalik eta azkarren lortu behar du. Aurtengo garaipen bakarra lortu zuenetik ia bi hilabete pasatu dira. Bai Ligan bai Europan zuri-gorrien ibilbidea oso kezkagarria da, eta hori konpontzen hasteko tenorea iritsi da.
Gaur 15.00etan jokatuko du European Amlin Challengeko bigarren partida. Norgehiagokak, gainera, garrantzi berezia dauka; izan ere, lapurtarren gaurko aurkaria Top 14koa da, Ligan ere aurka jokatu beharko duen taldea, eta Top 14an une honetan mailari eusteko borrokan duen aurkari zuzena da.
Gaurko partidak ez dauka ligarekin zerikusirik, baina garbi dago bientzat ligako kutsu hori izango duela, gaur irabazten duenak buruari astindu eder bat emango diolako, eta galtzen duenak, berriz, zalantzak izango dituelako ondorengo orduetan.
«Galtzeko ez daukagu ezer, dena irabazteko daukagu. Lurra jota gaude, beraz hemendik aurrera egiten dugun guztia hobetzeko izango da», zioen Joshua Furnok, Biarritz taldeko jokalariak. «80 minutu dauzkagu gure ibilbideari buelta emateko. Oyonnax, gainera, gure ligakoa da, eta biontzat izango du garrantzi handia», erantsi zuen Agileran ari den italiarrak.
«Txapelketa hau ligatik aldentzeko ere erabili behar dugu, indarra hartzeko eta gure jokoa lasaitzeko. Luzaroan min hartuta egon diren jokalariei minutuak pilatzeko ere balio behar die. Gure taldeari konfiantza hartzeko balio behar dio Oyonnaxen aurkako partidak», esan zuen berriz, Fabien Barcellak.
Laurent Rodriguez entrenatzaileak, berriz, garbi dauka Biarritzek beti izaten duela presioa: «Biarritzeko elastikoarekin zelairatzen den edozeinek dauka beti presioa, talde handia delako, baina kontuan hartu behar dugu Oyonnaxen aurkako partida ezberdina dela, beste lehiaketa batekoa delako, eta uste dut abiada hartzeko balioko digula. Nahiz eta bi lehiaketa ezberdin izan, Europan irabazteak ere beti ematen du ligarako bultzada», esan zuen zuri-gorrien zuzendari teknikoak.
Gaur zaleek izango duten berrikuntza, azken orduko aldaketarik ez baldin bada, Ben Whinttaker australiarra izango da. Zuri-gorriek duten baja kopuru handia kontuan hartuta, jokalari hau fitxatzeko baimena jaso dute, eta gaur lehen aldiz izango da Agilerako zelaian. Agian bere parte hartzea erabakigarria izango da datozen norgehiagoketan.