GARA > Idatzia > Euskal Herria

Argia ikastolak 1,9 milioi euroko zorra duela azaldu du Parlamentuan

GARA | IRUÑEA

Bihar Nafarroa Oinez-en dena behar bezala irteteko ardura duen Argia ikastolak bere kontuen berri eman zuen Nafarroako Parlamentuan. Egun, 1,9 milioi euroko zorra duela azaldu zuen ikastolako presidente Susana Suarezek.

Zor horren jatorria hauxe da: 680.000 euro, lursaila eta eraikinak erosteagatik; 920.000 euro, legeak agintzen zuen kiroldegia eraiki behar izanagatik; eta 300.000 euro, beste ikastolek emandako maileguak direla eta.

Argia ikastola 1984. urtean sortu zen eta gaur egun 220 ikasle eta 150 familia kooperatibista ditu. Ikastola hau da Vascuencearen Legeak ezartzen duen «eremu ez euskalduneko» ikasleen erdiek euskaraz ikasteko duten aukera bakarra. Eskaintza hori 18 hilabetetik gorako ikasleekin hasi eta derrigorrezko hezkuntza bukatu artekoa da.

Diru laguntzarik ez

Suarezek nabarmendu zuenez, 1,9 milioiko zorrak «egoera zinez dramatikora» eraman du Argia ikastola eta Vascuencearen Legeak du horren errua. Eskualde-izaera hartzera behartu du legeak Argia ikastola, baina ez dio horretarako onespenik eman. Ondorioz, administrazioak ez ditu diruz lagundu ez garraioa, ez jantokia, ezta eraiki beharreko azpiegiturak ere. Hori guztia izan da, bere hitzetan, zor handi horren iturburua.

Hori dela eta, legebiltzarkideei ikastolarekin elkarlanean aritzeko eskatu zien garraio eta jantokirako diru laguntzak lortzeko, zentroak duen eskualde-izaera onartua izateko eta azken urteotan egin behar izan dituzten azpiegitura-lanak diruz laguntzeko.

Gauzak horrela, bihar Tuteran izango den Nafarroa Oinez-ek berebiziko garrantzia duela nabarmendu zuen Suarezek: «Egun horrek gure etorkizuna baldintzatuko du».

Tuterako Ciudad Agroalimentaria eremua hartuko du aurtengo edizioak. Lau gune izango dira: Piskerra, Muskaria, Landazuria eta Txirimendia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo