GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Odolusteak eta zigorgabetasuna

Odoluste ekonomikoa. Hala esaten diote Udazkenfest Arabako Elkartasun Gauaren antolatzaileek euskal presoen sakabanaketaren ondorioetako bati, presoen senide eta gainerako hurkoek, errepideko arriskuaz gainera, jasaten duten zigor ekonomikoari, hain zuzen. Eta elkartasuna hitzez ez ezik beste modu askotan ere erakuts baitaiteke, senide horien egoera arintze aldera, Zurbaoko kupula zaharrean musikaz eskainiko dute beren eta hara agertzen diren lagun guztien elkartasuna, hamabi egun barru.

Odoluste ekonomikoa da, hala berean, asteon Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaitzen hasi direnek aurre egin beharko diotena. Duela 11 urtetik jasaten duten zigorrari, epaiketak dirauen denboran areagotuko zaienari, kartzela zigorra erantsi nahi dion prozesuak 18/98 sumarioa eta beste hainbat auzi lotsagarri gogorarazten ditu. Horiek guztiak, presoen sakabanaketa, kartzela zigorrak luzatzea eta bizi baldintza latzak zuritzeko, justizia dute argudio nagusi, inpunitatea saihestu beharra. Alegia, ez dela onargarria zentzu metaforikorik gabeko odolustea zigorgabe gelditzea.

Baina okerreko aldean seinalatzen dute zigorgabetasuna. Herri honetan aspaldi handitik izan den odolustean parte hartu duten aldeetako batek larrutik ordaindu du eta ordaintzen segitzen du. Milaka euskal herritarrek, ETAkoak eta ETAkoak ez direnek, ezin konta ahala urte eman dituzte morroilope. Beste aldeak, Estatuarekin haren zati izaterainoko lotura duenak, Franco aurretiko eta ondoko inpunitate iraingarrian jarraitzen du. Asteon 30 urte bete dira Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu zituztela. GALen bahiketa eta erailketa horiek dira ikertu eta epaitutako bakanetakoak eta, hala ere, ezin esan justizia egin dutela. Esanguratsua izan da asteon, hain zuzen, Rodriguez Galindori behin-behineko askatasuna eman izana, zalantzarik bazegoen ere, inpunitatea berretsita.

Euskal presoen eta haien senideen aurkako doilorkeriak ere zigorgabetasun kontzientziatik eginak dira, zigortuen ekintzak ez bezala. Eta zigortuek ere babesa behar dute. Elkartasun gau bat, esate baterako. Udazkenfest.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo