Landa lurrak babesteko premia nabarmenduko du aurtengo Lurramak
«Lurrik gabe, laboraririk ez». Hori da laburki Lurramaren 8. edizioaren mezua. Atzo ireki zituen ateak Biarritzeko Irati aretoan. Ikastetxeetako haurrak eta ordezkari politiko eta sozialak izan ziren lehen bisitariak.
Arantxa MANTEROLA | BIARRITZ
Ohi bezala, ikastetxeetako ehunka haur izan ziren Lurramak jasotako lehen bisitariak. Batez ere kabalekin eta animaliekin aho bete hortz geratzen ziren une bertsuan, inaugurazio ofizialera jindako eragile sozialek, sindikalek eta hautetsiek ere Biarritzeko Irati aretoan kokatutako azokara bisitaldia egin zuten.
Han ziren, besteak beste, Biarritzeko auzapez Didier Borotra, Michel Veunac eta Michel Poueyts zinegotziekin, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle PSko diputatuak, Frederique Espagnac senataria, Alice Leiziagezahar kontseilari berdea, Udalbiltzako Mertxe Aizpurua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Koldo Lizarralde, Lakuako Peri Manterola eta CFDTko, ELBko eta ELAko ordezkariak.
Horietako batzuek hitza hartu bazuten ere, laborantza iraunkorra eta herritarra sustatzen duten eragileak ziren, jakina, protagonista nagusiak.
Hala, Maryse Cachenaut Lurramako presidenteak, aurtengo edizioaren gaia oroitu zuen: «Ama lurra defenda dezagun. Lelo horren gainean aritu gara lanean urte osoan eta hori da aurten Lurramaren mezu nagusia». Landa lurrak babesteko guztiok -«baita hautetsiek ere»- dugun ardura nabarmendu zuen, Lurzaindiako Marie-Christine Elizondori hitza eman aitzin.
Via Campesina
Landa lurren espekulazioari aurre egiteko lurren erosketa kolektiboa bultzatzen duen egiturari 75.000 eta 50.000 euroko ekarpena egin zioten atzo, hurrenez hurren, Herrikoa eta Terre de Liens elkarteek.
Via Campesina aurtengo gonbidatu bereziaren izenean, Josie Riffaudek mintzaldi sendoa egin zuen. Euskal Herriko «adorea» goraipatuz, nekazaritza esparruko erronkak azaldu zituen.
Besteren artean, 2010ean Cochabambako topaketan aipatutako Ama Lurraren Eskubideen Adierazpenaz; ingurumen eta klimaren aferetako Herrien Auzitegiaren sorreraz; elikagaien subiranotasunaz eta hazien berreskurapenaz eta emakume baserritarraren eskubideen berdintasunaz aritu zen.
PSko gobernua gogor kritikatu zuen: «Oso haserre gaude, NPK-ko neurri berriek laborantza industriala mesedetzen segitzen dutelako». Bere esanak egoeraren larritasuna adierazi zuten: «Lurra merkatuen menpe jartzen bada, akabo laborariak, finean, lurrik gabe laboraririk ez delako izanen».