Indar baikorrez kargatuta dator Mikel Markezen hamargarrena
Mikel Markez errenteriarrak bere ibilbideko hamargarren diskoa kaleratu du. «Indar bat dabil hor» lanean kolaboratzaile izan ditu Josu Zabala, Alaitz Telletxea, Xabier Amuriza, Aire Ahizpak, Andrea Bidart, Gotzon Barandiaran eta Benito Lertxundi.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
«Bizi-legeak dio argi bezain idor/ gaztea hilkor dela zaharra derrigor./ Herri batez, ordea, zergatik ez aitor?/ hain zahar dela zeren sortu zen ez-hilkor?/ Ba, hala izan dadin indar bat dabil hor». Xabier Amurizaren bertso honek zabaltzen du Mikel Markezen «Indar bat dabil hor» (Elkar) diskoa, bertsolaria bera ere kantari dela. 1988an kantuan hasi zen errenteriarraren hamargarren diskoa da honakoa eta modu honetan azaldu nahi izan du herri honek, bizirik badirau, zerbait badela hor, «kultura, hizkuntza, kantagintza...».
Markezek ere badu zerbait, kantuak sortzen jarraitzeko grina mantentzen diona. Elkarreko Anjel Valdesek azaldu bezala, euskal musikaren tradizioa ardatz garrantzitsua da bere musikagintzan, «erroetan badabil, trikitian, bertsoetan...», baina baita «autore musikagintzaren korronte historiko eta unibertsaletan ere». Iturri horietatik guztietatik edanez sortu da «mazedonia» hau, bertsioak, kantu eta hitz propioak, eskatutako bertsoak edo bidean topatutako lagunekin elkarlanean sortutakoak biltzen dituena, hamahiru kantu guztira.
Markezekin batera, hiru musikarik osatu dute taldea: Arkaitz Miner (gitarra akustikoa, mandolina eta biolina), Satxa Soriazu (pianoa eta teklatua) eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua).
Taldea ongi lagunduta egon da Victor Sanchezekin grabatu duten lan honetan. Josu Zabalak eskusoinua jo du eta Benito Lertxundik hitz batzuk errezitatu ditu. Alaitz Telletxeak soinu txikiarekin eta ahotsarekin lagundu du eta kantuan entzun daitezke Xabier Amuriza, Aire ahizpak, Andrea Bidart eta Gotzon Barandiaran ere.
Uxue Alberdiren hitzekin sortu du emakumeei eskainitako «Konplize ditut denak», eta abesti honen bi bertsio sartu ditu diskoan. Lehenengoa, Aire ahizpekin batera kantatu duena. «Asko gustatzen zaigu hiru ahotsetara kantatzea», aitortu zuen. Grabatu bezain pronto konturatu ziren ahotsekin bakarrik kantuak zuen indarraz eta horregatik, gitarra klasikoa baino ez dio erantsi. Bigarren bertsioa, Markezek bakarrik kantatzen duena, gehiago jantzi du musikalki.
Bi bertsio daude diskoan, Jack Warshawen «No time for love»-ena, Amurizak euskaratuta Hertzainak-ek kantatzen zuena, batetik; eta Harkaitz Canoren hitzekin Itziar Iruretagoienaren «Erresumarik zabalena» kantuarena, Lubaki bandak maketan grabatu zuena.
Lehenengo kontzertua berezia izango da. Abenduaren 1ean, Donostiako Antzoki Zaharrean, diskoan lagun izan dituen gonbidatuekin osatuko du kontzertua, 19.00etatik aurrera. Hortik aurrerako informazio guztia, www.mikelmarkez.com atarian.