Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken-aurreko kanporaketa jokatuko da gaur Legazpin
A.A. | DONOSTIA
Legazpiko Urbeltz pilotalekuan jokatuko da gaur 17.30etik aurrera Bertsolari Txapelketa Nagusiko bosgarren kanporaketa. Aurreko beste bitan gertatu bezala, saio honetarako ere sarrera guztiak agortu dira jada eta saioaren aurretik ez dute leihatila irekiko, beraz.
Hasi baino ordubete lehenago zabalduko dira pilotalekuko ateak, 16.30ean. Gaur kantuan izango diren bertsolariak honakoak dira: Ainhoa Agirreazaldegi, Beñat Lizaso, Igor Elortza, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Jokin Uranga eta Oihana Bartra.
Beñat Lizaso azpeitiarrak lehenengo aldia izango du Txapelketa Nagusian. Igor Elortzak, berriz, seigarren urtea du txapelketan. Azken urteetan finalista izanik, finalaurrekoetan sartu izan da lehian, baina aurten kanporaketatik hasi beharko du, 2009an BECeko atarian geratu ostean.
Ainhoa Agirreazaldegik eta Mantxik hiruna aldiz hartu dute parte eta Jokin Urangak eta Oihana Bartrak, bina alditan.
Gaurko saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da Tolosan azaroaren 10ean jokatuko den finalaurrekorako, baita datorren larunbatean Oionen egingo den azken kanporaketan irabazten duena ere, eta han batuko da txapelketara Unai Iturriaga.
Oionen upelategi eta guzti
Azken kanporaketa datorren larunbatean, hilaren 26an jokatuko da Oionen, Arroyo I.a pilotalekuan, eta bertan erabakiko da zein 18 bertsolarik egingo duten aurrera. Bi kanporaketaren faltan, euren saioan lehenengo postua eskuratu dutenek ziurtatuta daukate finalaurrekorako txartela: Jon Martin, Agin Rezola, Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi. Horiez gain, matematikoki sailkatuta daude Jone Uria eta Jexux Mari Irazu.
Oiongo saioan Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua, Manex Agirre eta Miren Amuriza arituko dira oholtza gainean.
Azken kanporaketa honen aurretik, ekimen berezia prestatu dute herriko Zuazo Gaston eta Bodegas Faustino upategiek, Bertsozale elkartearekin eta Oiongo Udalarekin elkarlanean. Saioa jokatuko den egun berean upategi horietako bat bisitatzeko aukera izango dute bertsozaleek, doan. Bisitak goizez egingo dira, 10.00etatik 14.00etara, taldeka.
Bisita egiteko ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea. Bi modutara egin daiteke: 945 60 12 28 telefonoan edo bodegadirecto@grupofaustino.es helbidean, «Bertsolari» erreferentzia jarrita. Erreserba egiteko azken eguna urriaren 24a da.