Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
Wilden urtebetetzean
Oscar Wilde jaio zela 159 urte bete ziren iragan asteazkenean, urriak 16, eta Europako kazeta batek egun horretan bertan gogora ekarri zuenez, Umorezko Esaldien Oxford Hiztegi berrian gehien azaltzen den umoregilea omen da. Auskalo Wildek zer pentsatuko zuen Umorezko Esaldien Oxford Hiztegian gehien aipatzen den «umoregilea» bezala gogoratua izatera iritsiko zela jakin izan balu. Agian umorez hartuko zuen, besterik gabe, edo Ingalaterrako gizartea irrigarri utziko zuen antzezlan edota nobela (beste bat gehiago) idatziko zuen horren gainean. Kazetak, behintzat, irakurleei Wilden esaera burutsu eta zorrotzen artetik zein duten gogokoen galdetzeko baliatu zituen data eta anekdota. Kazetako langileek beraiek jarri zuten abian erantzunak jaso behar zituen bloga, eurek aukeratutako esaerak eskegiz, eta irakurleek jarraipena eman zioten zerrendari beren ekarpenekin. Erantzun guztien artean, bi esaera aipatu ziren gehien. Lehenengoak generoarekin du zerikusia. «Emakume guztiak beren amen moduko bihurtzen dira. Horixe da haien tragedia. Gizonei ez zaie hori gertatzen, eta horra eurena». Bigarrena bizitzaren hainbat arlotara, sormenetik bizi esperientzia berera, aplika daitekeen esaera da: «Konsistentzia da irudimenik ez duenaren azken babesgunea». Hainbat irakurle bat etorri ziren bi esaera horiek Wilden pentsamendu eta obraren muina laburbildu egiten dutela adierazterakoan. Niri, baina, lerdokeria handia iruditu zitzaizkidan proposamena zein emaitza bera, Wilden obraren gainean gauza handirik ez zutelako esaten, baina jakina, ez dut Irlandako idazleak bezain ongi ulertzen umore ingelesa.