GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Nora sartzeko atera?

Kooperatiba bailaratik dator notizia... Ixteko bidean omen da izen handia izan duen kooperatiba. Izana eta izena, oraina eta lehena. Geroa koska! Ustez lantegiak segituko du, beste gauza bat da lana izango ote den tegi horretan; eta izatekotan ere, lan horrek zer eskulan beharko duen. Ikusmiratik kendu gabe eskuarentzat lana eskubidea dela. Ez lukete hori ahaztu behar eskumenak dituztenek. Eskumenak horretara bideratu beharko lituzkete lehentasunez, eskuei lana ematera eskubideak eskuilatu gabe. Ganorazko lana, gainera, krisitik nola atera baino inportanteagoa baita nora sartzeko bidean ote garen krisitik atera nahian. Hortaz, galdera berriak egiteko garaia dugu hau, ezinbestean, erantzun zaharren eremu latzean errotu gabe. Hortaz ere, litekeena da gaur ekonomia erreala esaten dugun hori bihar-etzi ekonomia ez izatea, erreala behintzat, ezin baita kontsumokeriaren bide antzutik setatu. Teknologiak ezin du berez mugatua dena mugagabe bihurtu. Bestela eginda galdera berria: zer izango da erreal bihar-etziko ekonomian? Erantzunak prestatzen joan beharko genuke, gaur erreala den ekonomia babestearekin batera prestatzen joan ere. Azken finean, epe motzerako irtenbide guztiak ez dira epe luzerako konponbide.

Tira! Paradoxa dirudi! Planeta berotzen ari garen honetan, kiskaltzeko bidean ari ere, behea jo du hozkailuen ekoizpenak. Izango balitz, sikiera, momentuko eta gertuko janari freskoez elikatzen garen seinale! Bada ez, bestelako kausek eragindako behe jotzea da, seguruenik Nobel saridunek beraiek ere ezin azalduko lituzketen kausak. Hortaz, ez da harritzekoa aurten Ekonomia Nobela krisia ulertzeko kontrako jarrera dutenei eman izana. Hor konpon marianton! esatea lez. Edo ikusi makusi, zeinek jakin! Total, edozein norabidek gaurko parada duenez, ezinbesteko abiapuntu bertsolariak esan hura du orain kooperatibismoak eskuan: sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Beroa, ostera ere. Eltzea bai, etxetresna den aldetik. Horra erronka ekonomia bestelako modu batez ulertu gura dutenentzat. Elkartasuna behar da, konpromisorako ezinbesteko urratsa izango bada. Halaxe irakurri dut beheko Estatuaren ustelgelan epaitu batzuen elastikoetan, zebra muskuiluak hartuta duen gela ustelean. Libre!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo