GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Nestor Esteban Scaloni EHEko kidea

Gure arima hiltzen uzteko bezain «odolgalduak» al gara?

Argi dugu egun Euskal Herriak bizi duen zatiketa administratibotik eratortzen diren hizkuntza politikek ez digutela inoiz euskaraz bizitzea ahalbidetuko

Azkenaldion sarri aipatzen diren kontzeptuak dira konponbidea, bizi- kidetza eta bakea. Alta, konponbideaz, bizikidetzaz, bakeaz eta enparauez mintzatzerakoan -gehienetan erdarez-, nekez topatzen da euskararen eta euskaldunon aferari erreparatzen dion diskurtsorik. Hizkuntza gatazkarik gabeko gatazka politiko baten konponbideaz ari direla dirudi. Alabaina, ezin dugu ahaztu mendeetan zehar herri hau azpiratzeko hautua egin dutenek Euskal Herriari arima edo izena eta izana eman dizkion euskararen ukazioa eta euskaldunonganako etengabeko jazarpena jarri dituztela asimilazio prozesuaren oinarrian.

Bakeaz eta konponbideaz jarduten diren foroetan euskal-dunon problemak apenas du lekurik. Akats historikoak errepikatzen ari gara. Euskal nortasuna lotzen duten kateak askatzeke, lur eremu geografiko bat askatzea da lehentasuna, hizkuntza gatazkaren ondorio latzak konponbide prozesu orotatik kanpo, edo, gutxienez, gerorako utziz. Ondorioa garbia da: euskara ez dago agenda politikoan.

Herri euskaldunari so, zaharrak berri. Baionako suprefetak Hendaiako ikastolak herriko etxetik jaso behar zuen diru-laguntzari debekua jarri zion 1850. urteko Falloux legean oinarrituta. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako gainontzeko ikastolek mehatxu bera izanen dute aurrerantzean, Seaskak aipatu bezala hainbat proiektu kolokan gera daitezkeelarik. Peillon Hezkuntza Ministroak abian jarri duen erreforman euskaldunok ez gara existitu ere egiten. Euskaldunon eskubideak, zentzu berean, ezta ere. Espainiari so, LOMCEk irudikatzen du argiki, aurreko adibidearekin batera, hizkuntzaren afera estatu arrazoiaren menpeko afera dena, nazio identitatea pasa ezin den marra gorria dena, espainiar zein frantsesentzat bederen. Euskaldunontzat...

Espainiako Estatuko Abokatuak Zarauzko Udalaren kontra helegitea jarri berri du udalbatzak euskarari lehentasuna emateko onartutako irizpideengatik. Anoeta eta Lezoren ostean beste hainbat udali helegiteak iristen ari zaizkie, antza, erdaldunen hizkuntza eskubideak bermatzen ez direlako. Zaharrak berri. Gogoratu PPren beraren oniritzia zuten Azpeitiko euskara ordenantzei espainiar epaitegiek jarri zieten betoa.

Instituzioen arteko talkaz harago, makropolitikak herritarrongan du eragin zuzena. Pasa den astean Iruñeko Udaletik zetorren notifikazio bat jaso nuen etxean. Udaltzainen aurrean identifikatzeari uko egiteagatik omen, desobedientzia leporatu eta 150 euroko isunaren berri eman didate. Argitu behar dut, identifikatzeari uko egin ordez, euskaraz identifikatu nahi izan nuela eta horren ondorioz polizia etxea eraman nindutela. Orain errekurtsoa jartzera noa, euskaraz bizi nahi izanagatik, nire eskubideak normal-normal eskatzeagatik.

Ulertzen eta onartzen ez gaituzten epaileen aurrean jarri gaituzten adibide ugari ditugu. Ez naiz bakarra. Arrosadiko EHEko kideek antzeko isuna jaso dute. Larriagoa da Altsasuko EHEko kideen kontrako epaia. Etxeko atxiloaldia, 6.000 euroz gaindiko isuna... Eta ezagutzen ez ditugunak ere...

Euskaraz bizi nahi dugunontzat, aipatu erasoak urteetan, mendeetan zehar pairatu eta gure egunerokotasunean bizi ditugunak dira, eta ia ohitu gara. Horien iturburua euskara, euskaldunak eta euskal herritarrak azpiratzea helburu duten borondate politikoetan eta marko juridikoetan dago. Espainiako eta Frantziako konstituzioak dira euskaldunak jokoz kanpo kokatzeko tresna nagusiak, eta, noski, bertatik eratorritako egun indarrean diren hizkuntza politikak dira muga horien isla. Kolonialismo garaian bizi gara oraindik: derrigorrez ezagutu beharreko erdal hizkuntzak, hezkuntza sistema arrotzak, administrazioarekin harremana izateko hizkuntzak eta abar inposatzen dizkigute. Gure herrian enegarren mailako herritar izatera kondenatu gaituzte aspaldi, otzanak, obedienteak izan behar gara, garena izategatik zigorrarekin topatu nahi ez badugu.

Argi dugu egun Euskal Herriak bizi duen zatiketa administratibotik eratortzen diren hizkuntza politikek ez digutela inoiz euskaraz bizitzea ahalbidetuko. Honek, hizkuntza politika burujabe baten beharra nabarmentzen du: euskarari lehentasuna emango diona, euskararen ezagutza herritar orori bermatuko diona, kanpo esku-hartzerik gabe euskaldunok erabakiko duguna, euskarari behar duen estatusa aitortuko diona, funtsean euskaldunok euskaraz aske bizitzea posible egingo duena.

Hau gauzatzeko, auzoz auzo eta herriz herri, euskaldunon sareak egituratu eta indarrak batu beharko ditugu. Nola? Auzolanean, euskaraz bizitzearen aldeko hautua eginez, euskarari esparru guztietan lehentasuna emanez, espazio euskaldun berriak sortuz eta bultzatuz, erdararekiko ditugun menpekotasun egoerei aurre eginez...

Erronka ez da makala, baina maila sozialean aldaketak eragiten ditugun heinean, maila politikoan zein juridikoan aldaketak eragingo ditugu. Bide hau garatuz, gatazkaren konponbidea termino egokietan kokatzea lortuko dugu ere. Argi gera dadila: euskara eta politika nahastu behar ez direla esaten dutenen aurrean, euskarak politikak behar dituela eta agenda politikoaren erdigunera ekarri behar dela aldarrikatzen dugu.

Itxaropena, grina eta ardura historikoa ditugu. Asko dago jokoan. Herri honek bizi duen gatazkaren kontakizunean, konponbidearen, bizikidetzaren eta bakearen bidean herri euskaldunak bizitako jazarpenak lekua behar du. Hizkuntza gatazkaren ondorioak konponbidean kokatzea ezinbestekoa da, konponbide oso eta errealik izango bada. Nekez egingo dugu aurrera atzera begiratu eta akatsak errepikatzea ekiditeko saiakera seriorik egin gabe. Goazen aurrera, «bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo