Oteiza omentzeko totema jarri dute Itziarko santutegiko «Amatasuna» eskultura parean
Oteizak martxan jarritako Debako Arte Eskolako ikasle batek egindako eskultura txiki batean panel informatiboa kokatu dute. Ekimen hau prestatu dute artistaren heriotza oroitzeko hainbat ospakizunen artean.
N.B. | DONOSTIA
Jorge Oteiza eskultoreak 105 urte beteko zituen atzo bizirik balego, eta bera gogora ekartzeko Debako Itziar auzoan dagoen «Amatasuna» eskulturaren alboan jarri duten panel informatiboa inauguratu zuten. Gainera, artistaren heriotzaren hamargarren urteurrena ere aurten izan denez, urrian berari eskainitako hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Izan ere, Debak oso lotura estua du Oteizarekin, bertan zabaldu zuelako Arte Eskola, eta horri esker, oraindik ere herritarrek diziplina anitzak landu ditzakete bertan.
Hitzaldiak, erakusketak, kaleko arte erakustaldia eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte hilabete honetarako, baina atzo ospakizunei amaiera emateko unea iritsi zen, eta horretarako Oteizarentzat hain berezia zen Itziarko santutegira jo zuten. Mikel Campo Debako Arte Eskolako zuzendariaren esanetan, leku hura asko gustatzen zitzaion artistari. Gainera, haren emaztearen izena ere Itziar zen. Horregatik erabaki zuen bertan «Amatasuna» eskultura kokatzea, Itziarko ama birjinari eta bere emazteari omenaldi bat egiteko asmoz. «Baina amatasuna kontzeptua bere zabaltaun osoarekin irudikatzen du, begiratzen duen eremu guztia babestu nahi duen ama balitz bezala, ama lurra azken finean», aipatu zuen Maider Zubikarai Debako alkateak. Izan ere, santutegia itsasoko flischaren eta Ekain zein Prailehaitz kobazuloetatik gertu dago.
Lehen hezia
«Amatasuna» eskulturaren oinetan jarri duten panel informatiboak totem txiki baten itxura dauka, Oteizaren lanari jarraikortasuna emanez baina eskultura handiari, tamainaz behintzat, itzalik egin gabe. Willy Berasaluzek egindako lana da, Arte Eskolan ikasitakoa praktikan jartzearen fruitua. Oteizaren ametsa egia bihurtu dela esan dezakegu, bere nahia baitzen hezkuntza proiektu berritzaile bat martxan jartzea. «Lehen hazia izan zen hura, sustrai sendoak eman zituena eta egun bizirik dagoen proiektua dena», nabarmendu zuen alkateak.
Panel honek eskulturaren berri izateko gakoak ematen ditu. Honekin batera beste bost panel informatibo jarriko dituzte herrian barrena, beste txoko batzuk nabarmentzeko asmoz.