197/2006 DOKTRINA BALIOGABETUTA
«Zigorraren luzapenak bueltarik ez duten uneak lapurtu dizkigu»
Preso Ohiak eta senideak
Lau presoen artean 103 urteko kartzela zigorra batzen dute. Sagarduik eta Igaratanduik askatasuna berreskuratu zuten 2011n eta 2012an, hurrenez hurren, eta Juan Mari Gabirondok eta Jesus Mari Mendinuetak 2016an eta 2021ean utziko lukete espetxea. Aitzitik, Estrasburgoko ebazpena inflexio puntua izan daitekeela iritzita, eguna aurreratuko den itxaropena dute.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Bestearen azalean jartzearen ariketa, albokoak zer bizi eta sentitzen duen ulertu ahal izateko. Ez da ariketa erraza; are gutxiago muturreko esperientziak direnean. Egoera batzuk ulertu ahal izateko, sinpleki, haietatik pasatu izana derrigorrezkoa da. Horrela da, adibidez, bat, bi edota hiru hamarkadetako espetxealdiekin.
Esperientzia hau beren azalean bizi dutenen begietatik bizi nahi izan zuen GARAk atzo Estrasburgok 197/2006 doktrinaren inguruan esateko zuena. Beraien begiak direlako lehen lerroan egon direnak eta daudenak, alegia, salbuespenezko neurria bete eta dagoeneko askatasuna berreskuratu duten preso ohiak, eta gaur egun zigorraren luzapena betetzen ari diren euskal presoen senideak.
Hitzordua goizeko hamaiketan zegoen jarrita, Donostiako erredakzioan, epaileek ebazpena publiko egin baino ordu erdi lehenago. Juan Mari Igarataundi zestoarra eta Jose Mari Sagardui Gatza preso ohiak heldu ziren aurrena. Segituan Ione Lazkoz, Jesus Mari Mendinueta gaixo dagoen presoaren emaztea; eta Isidro Gabirondo, Juan Mari Gabirondo presoaren anaia. Denen artean ehun urte baino gehiagoko kartzela zigorra bete dute.
Eguna garrantzitsua zela ezkutatu ezinik, urduritasuna begi bistakoa zen. Hauek lasaitzearren kafea eta zigarrotxoa, eta honetaz eta hartaz anekdota bitxiak, «inflexio puntua» izan zitekeenaren atarian.
Zer espero zuten galderari, erantzun bateratua: iazko uztailean Ines del Rioren kasuaren gainean emandako ebazpena aurrekaria izanik, ez zela «Parot doktrinaren» aurka egingo zuen beste ebazpenik kabitzen, baina epaileen ahotik entzun arte ezin zirela fidatu.
Telebistan albistegiak sintonizatu ziren, ordenagailuan egunkarien edizio digitalak, irratia eta sare sozialak. Unea laguntzeko mokadutxoari ezin baietz esan, sabelak itxita zeuden. Bizkarrean hogeita bost urteko kartzelaldiarekin, Igarataundik «okerrenak lehendabizikoak» izan zirela iritzi zion, hau da, 197/2006 doktrina ondoren jasan zuten presoak mentalizatu egin zirela, «halabeharrez». «Ez zegoen beste irtenbiderik. Aurrekoak ikusita pentsatzen duzu zuri ere aplikatu egingo dizutela, salbuespena ez dutela zurekin egingo», adierazi zuen zestoarrak.
Irakurketa laburra izango zela iragarrita zegoen eta hala izan zen. Dean Spielmann Areto Handiko presidenteak ebazpena jakitera eman bezain pronto zabaldu zen albistea Twitter bidez. Letragune gutxiko txio batek marraztu zizkien irribarreak. Lazkozen begiak busti egin ziren. Aitzitik, poza baino adierazgarriagoa izan zen egongelan arnastu zen lasaitasuna eta zuhurtzia. Horiek ziren sentsazio nagusiak. Kezka ere segituan helarazi zuten. «Eta orain zer? Lupa zirrikituetan jarriko dute, ziur, nahiz eta kasu asko berberak izan. Horretaz baliatuko dira», adierazi zuen Lazkozek.
«Zein irizpide baliatzen dute? Hori ere ez dakigu. Nik adibidez -adierazi zuen Igarataundik-, hiru urte neramatzan doktrinarekin eta aske utzi ninduten beste birekin batera. Batzuei kendu; besteei ez... Dena zalantzagarria da».
Albistea jaso bezain pronto sentsazioen deskribapen bat egiteko eskatutakoan, bi hitz erabili zituzten: «Lasaitasuna eta kezka». Errusiar mendiaren antzera, gora eta behera doaz sentimenduak. «Abiapuntua ona da. Anaiak kezka hori besterik ez zuen azkenaldian. Aldekoa etorriko al da?», zioen Gabirondok. Kezka bat gutxiago duela iritzi zion berak, eta Lazkozek ñabardura egiten zuen. «Kezka bat gutxiago, edo kezka ezberdin bat».
Honekin erabat ados agertu ziren denak, argi baitzuten doktrina ezarrita duten guztiak ez dituztela kolpetik aske utziko. «Are gehiago, batek daki ez ote duten beste doktrina bat asmatuko...». Puntu honetan ere aipatu zuten aurrerago Alberto Ruiz Gallardon Justiziako ministro espainolak aipatu zuena: Zigor Kodearen erreforma.
Kartzela eta familia
Ebazpena arreta handiz espero zen, ez kalean bakarrik, baita espetxeetan ere. Bertan eman dituzten urteak direla-eta, ebazpenaren tamainako albistea nola jasotzen den ezin da begi bistatik galdu, hasieran aipatutako lehen lerrora buelta, beraz. «Barruan seguru egundoko lasaitua hartu dutela. Hala ere, presoak badaki zergatik dagoen barruan, horregatik beregan baino, familian pentsatzen du. Jokoan sartzen da. Presoak berak hartutako erabakia dela ulertzen du, eta dena delakoari aurre egitea besterik ez dagokio, baina familia geuk inplikatu dugu, eta fetxa bat ipinita eta luzatzea... kezkak haiengatik dira, presoak bere buruagatik baino», zioen zestoarrak.
«Nik familia barrutik mentalizatu nuen neure egoera propioaz -kontatu zuen Gatzak-. Kanpokoek kanpoko ikuspegia dute, barrukoa finean presoari dagokio. Eta lasaitasuna helarazi behar du».
Preso bati doktrina ezarri zaion albistea iragartzeko modua oso une delikatua da, batez ere askotan askatasuna berreskuratzeko egun batzuk baino falta ez direnean igortzen baitute erabakia. Igarataundik salatu zuen berari zuzenean ez ziotela ezer jakinarazi; Gabirondok hamar egun lehenago jakin zuen... Batzuetan familiak egiten du «lan zikina», telefonoz kasurik txarrenean. Gatzak kartzeletan dagoen desinformazioa aipatzen du. «Ez zaio presoari informazioa ematen, abokatuei ezta ere... eta informazioa iristen denerako oso berandu da, beranduegi».
Lazkozen senarrari, esaterako, neurriarekin hamar urteko zigorra erantsi diote. 2011n zen espetxetik ateratzekoa, baina 2021era atzeratu zioten bi hilabete lehenago. Doktrina ezarria duen presoa izateaz gain, gaixotasun larria duen horietako bat da. «Nire senarrari baino lehen ezarri zituzten doktrinak eta gero pentsatu nuen bera ez zela salbuespena izango, nahiz eta itxaropen txiki bat, argi izpi bat, beti egon. Baina susmo izatetik, konfirmazioa izatera... 2021 entzun nuenean... aurrera egin behar da, hori ezin da inoiz paretik galdu».
Seme-alabak ere tartean daude, eta horretaz hitz egitea, are gehiago, ulertaraztea, «oso zaila» izan dela onartu zuen Lazkozek.
Elkarrizketak aurrera egin ahala urduritasuna arinduz joan zen, eta horrekin batera gosea agertu zen. Hasieran ezezkoa jaso zuten mokadutxoei lekua egin zitzaien mahaian, beraz. Ordura arte familia agertu zen solasaldian, behin baino gehiagotan, Estatu espainolaren arbitrariotasuna eta horrek sortzen duen ezinegona. Horregatik azpimarratu zuten itxaropena ez galtzearen garrantzia. Ez da topiko bat. Hainbesteko iluntasunaren artean izpi txiki bat topatzea ezinbestekoa dela iritzi zioten aurrera egiteko. Eta egingo dutela aurreratu zuten, banan-banan errekurtsoa aurkeztu behar badute, banan-banan Ines del Riok egindako bidea egin behar badute, egingo dutela adierazi zuten.
Ezinbestean, «Parot doktrina» ezarri izanak, euren bizitzak baldintzatu ditu, kartzelak dakarren sufrimendua areagotu egiten du. Salbuespenezko neurria izan da, eta bada bakoitzaren espetxealdian marra gorri bat, edo ondo definitutako une bat.
Gabirondoren ustez, «ez dago zuzenbide estaturik» euren eskubideak hankaz gora jarri diren unetik. «Sei urte gehiago beteko ditu nire anaiak -dio-, erraz esaten da, baina denbora, denbora... nola kudeatzen da denbora? Hau guztia nola daramagun ere ez dakit, egun bat, bata bestearen atzetik, eta hor goaz, aurrera».
Presoaren adina ere erabakigarria dela zioten, urteetan aurrera egin ahala orduan eta zailagoa baita, behin askatasuna berreskuratuta, kanpoko bizitzara, finean, errealitatera txertatzea. Lanaz aritu ziren, baina lagunak, ezagunak... alegia, espetxera sartutakoan kanpoan utzitako eta irtendakoan topatutakoa ez datoz bat, batez beste 25 urteko zigorrak baitira.
Atzera bueltarik gabekoa
Denborak eta heriotzak ez dute atzera bueltarik. Pasatako hilabeteak, urteak, are gehiago, egunak, ez dira itzuliko. Heriotzak ere ez du konponbiderik. Une zehatz batzuk, gogorrak, bueltatuko ez direla tamaldu ziren. Eta horretarako eskubiderik ez dagoela salatu zuten. Joan ziren gurasoak, gazteegi hil ziren adiskideak... espetxean hasiera batean ezarri zitzaiena baino gehiago mantentzeagatik eman ez dituzten «agurrak» gehiegi izan dira. Une mingarriak.
«Bizirik gaudela etorriko al da etxera? Gurasoek ez dute besterik buruan», aitortu zuen Gabirondo itziartarrak. «Horretaraino iritsi gara. Ikusi nahi dugun bakoitzean bi mila kilometro egin behar izatea, eta ezin izatea. Guri zeinek jarri digu zigor hori? Nork kondenatu gaitu? Nik neure burua biktima bezala ikusten dut, are gehiago nire gurasoak, ezin direlako joan ere egin».
Gabirondori alderdi horrek ere «afektiboki asko eragin» ziola onartu zuen, psikologikoki dituen eragin kaltegarriak azpimarratuz. «Kontziente izatea gurasoak zahartuta daudela, zu kalean ikusteko bizipoz bakarrarekin... eta saihetsezina da pentsatzea garaiz atera izan bazina, hasiera batean esandako egunean, bizirik topatuko zenituela. Baina zortzi, hamar urte luzatuta zer topatuko duzun... lehenago aterata gauzak beste modu batean izango ziratekeela onartzea gogorra da».
Eta nola moldatu bizitzara? Besteena den bizitzara? Alde batera utzita urteetan aurrera -edo gora- egiten den erritmo berean murrizten direla lana topatzeko aukerak... Eta detailerik ñimiñoena, mundu bat izan daiteke. «Eta eskerrak telebista deitutako leiho txiki bat genuen egunerokotasuna jarraitzeko, baina hala ere, errealitatea zuria eta beltza da. Guk egindako kaleko ametsak orain dela hogeita hamar urte egindakoak dira, eta orduko testuinguruan. Gizartea erabat aldatu da».
«Nik zuria eta beltza ezagutzen ditut, baina nola eskatu hitzordua medikuarekin Internet bidez, edo nora joan langabeziaren paperak betetzera... horrek zein kolore du?», mintzatu zen umorez Gatza.
Hurrengo mugimenduak
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzitakoaren aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu, beraz, PPk bete egin behar du, ezinbestean. Gainerakoekin zer gertatuko den, zalantza. Erabakia «partziala» dela iritzi zuen, adibidez, Gatzak.
Madrilek egingo zuena argitzeko Sagardui, Igarataundi, Lazkoz eta Gabirondok elkarrekin ikusi zuten 13.00ak pasatxo zirenean Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak esateko zutena. Espetxe politika bere horretan mantenduko dutelako iragarpenak diskurtsoaren tonua aurreikusten lagundu zien.
Agertoki berria irekiko ote duen galderari ez zioten erantzuna erraz topatu. Bi urte igaro dira 2011ko urrian ETAk borroka armatua behin betiko utzi zuela iragarri zuenetik. Igarataundik pilota Madrileko Gobernuaren teilatuan jarri zuen. «Beldur naiz zerbait eskaini, eta eman ondoren Madrilek beste zerbait eskatzea. Espero oraingoan hala ez izatea, baina egia esateko -erantsi zuen-, ez dut uste mugimendurik egongo denik, ez alde batetik, eta ez bestetik, epe laburrean ez behintzat».
Ez zen ezkortasuna, baizik hasieran aipatutako lasaitasuna, eta batez ere, zuhurtzia. Pixkanaka dastatu eta digestioa egin behar da. Baina batez ere, eta Ines del Riok auzitegietan ekindako borrokaren fruitua bere aldekoa izan arren, ez zuten garaipenaz hitz egin, ez behintzat garaipen absolutu batez. «Honetan eta bestean `garaipena' hitza arin aipatzen dugu, eta hau beste zerbait da: Justizia. Hau baino ezin zen gertatu».