GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

197/2006 doktrina: kultura judizial eta politiko espainolaren baitako munstroa

Barne ministro ohi eta gaurko PSOEko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabak harro adierazi zuenez, «Espainiako kartzela sistema Europako gogorrena da»; PPko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedal harago joan eta «ez da nahikoa presoak euren zigorrak betetzearekin» esan zuen, edozein baliabide erabilita kosta ahala kosta presoak kartzelatik irtetea eragotzi behar zela defendatuz.

Hemerotekan aise topatu daitezkeen adierazpenokin, argi ikusten da PSOEk eta PPk, eskuz esku, euskal presoei selektiboki eta krudelkeria espezial batez ezarri zieten pultsio zigortzailea, «etsaiaren kode penalekoa» propioa den salbuespenezko legedia. Estrasburgok egurtu berri duen 197/2006 doktrina enbor horretako ezpala da, dispertsioa bezala, baimenetarako edo baldintzapeko askatasunerako aukerak moztea ala zigorra 30 urtetik 40ra igotzea bezala... den-denak eta bost, «biziarteko zigor erreala» euskal presoei ezartzeko.

Euskaldunak eta politikoak ez diren «beste» presoek zuten sistema orokor eta ohikoaren ordez salbuespenezko espetxealdi espezialaren alde egitearekin Kolektiboa deshumanizatzea, euskal presoak «ez pertsona» bezala kontsideratzea bilatzen zuten. Argi ikusi du Estrasburgok, hori definitiboki alboratu behar dela ebaztean. Legeekiko arrazionala eta errespetutsua den gobernu batek seinalea ongi irakurri eta behin betirako finikitatu beharko luke doktrina zital hori, eta aitzakia «antiterroristarekin» azken urteotan eskubide eta askatasunen gainean ezarri dituen murrizketak desegin.

Gobernu espainolaren erreakzioetan, ordea, itxikeria zigortzailea alboratzeko borondaterik ez da ikusi. Nonbait, haren epe motzeko kalkuluaren arabera arrakastatsua suertatzen zaio jarrera horri temaz eustea. Horrek, baina, nazioarteko legedia urratzeaz gain, Euskal Herrian normalizazioa blokeatu nahiarekin batera, arrisku handiko praktika sustraitzen laguntzen du. Ustez salbuespenezko neurriak zirenak sistema judizial eta kultura politikoaren oinarri egiten dira, beren bultzatzaileek ere kontrolatu ezin ditzaketen botereak eta erresistentziak sortuz.

Irabazi zikoitzak bitarteko ilegal eta ilegitimoen bitartez bilatzen dituztenek, goiz ala beranduago, elikatzen dabiltzan arriskuaz ohartu beharko lukete. Praktika horiekin, argi-itzal horietan munstroak sortzen dira. Eta munstrook, azkenean, sortu zituztenen aurka egiten bukatzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo