GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

ZURI-GORRIEN ORROAK

Hego haizea

Aritz SOLABARRIETA

Bilbo aldean hego haizea baldin badago eta Athleticek San Mamesen partidua badauka, kontuz. Urte asko igaro dira Lezaman hori lehenengo aldiz entzun nuenetik eta egia da batzuetan hala gertatzen zela. Ez beti, noski, baina aste honetako partidua ikusi eta gero, uste dut horrelako esaera eta kondairak San Mames zaharrarekin batera joan zirela.

Ona omen da hego haizea ehizarako. Hala diote adituek behintzat, eta azken egunotako haize hori ez zaio txarto etorri ez Athletici, ezta bertako ehiztari titularrari ere. Zortzi partidu zeramatzan Aritz Adurizek golik egin gabe, eta astelehenean sartu zuen bere lehen gola ligan. Behar zuen berak, bai eta taldeak ere, kanpotik etortzen hasiak ziren zarata horiek apur bat isiltzeko.

Eta zarata horren erdian izen bat, hogei urteko ehiztari gazte eta hasiberri bat, Guillermo Fernandez. Sei gol daramatza Bilbao Athleticekin aurten, eta joan den denboraldian hamahiru egin zituen Zigandaren aginduetara. Gainera, lehenengo taldearekin joan den bakoitzean ia gola egin du, nahiz eta lagun arteko partidak izan hauek. Baina egia esan behar badut, harritu egin nau nola ezezagun izatetik alternatiba izatera pasatu den lehenengo taldeko beste jokalari batzuen aurretik. Badakit hau gerta daitekeela, eta gertatzen dela, are gehiago harrobia oinarri dugun gurea bezalako talde batean. Baina gauza bakoitza bere unean.

Mirandeseko lagunartekoaren ondoren, Valverdek esan zuen berari denboraldia jokalari batzuekin hastea eta bukatzea gustatzen zaiola. Batzuek, ostera, bere hitz horiek guztiz alderantziz ulertu zituzten eta filialeko gazteei atea ixten ari zela esateari ekin zioten. Bitxia da batzuek zelako oroimen arina daukaten, horrelako gauzak esateko orduan, besteak beste, Andoni Iraola eta Fernando Llorente lehenengo taldera igo zituen entrenatzaileari buruz. Eta bai, bi horiek filialean jokatzen zuten eta ez dakit atea itxita edo zabalik aurkitu zuten, baina biak barruraino sartu ziren.

Eta seguru nago ate hori zabalduko duten jokalariak badaudela Lezaman, lehenengo taldean urte asko egingo dituztenak, baina beti ere denborak errespetatuz, entrenatzaileak eta klubak markatzen dituzten denborak errespetatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo