GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Garaipenen kudeaketa

Garaipen juridikoa izan zen astelehenekoa, ez politikoa; ez dezagun ahantz, interpretazio okerrak gainontzeko presoentzat kaltegarriak diren jokabideak eragin litzake eta

Beti begiratu diet mesfidantzaz beren ekintzen ondorioak jakin eta hauek asumitzeko orduan nahigabea adierazten duten pertsonei. Gure aitak esan ohi zuen pertsona inkontzientearen eta krudelaren artean bigarrenaren hautua egiteko beti. Krudeltasunak logika bati erantzuten dio. Ondorioz, beragandik babesteko aukera existitzen da. Inkontzientzia, ostera, ekintzak egiten dituenari ere jatorri ezezagunekoak zaizkion inpultsoetan datza. Aurreikusten zailagoa da, ez dauka logikarik, eta ume errugabearen begirada, hiltzailearen eskuarekin elkartzeko gaitasuna dauka.

Herenegun, espainiar Estatuko ordezkariek, Europako Auzitegiaren epaiari erantzunez, inkontzientearen nahigabea adierazi zuten. Gertatuko zena aurretik jakin izan ez balute bezala.

Bitartean, beste eskuarekin, eskumagokoa dei genezakeena, espainiar Estatuak ez baitauka ezker eskurik, krudeltasunaren apologia egiten zuten iraganeko sufrimenduaren izenean. Mendekua gura dute, ez konponbiderik. Pazientzia amaitu zaiela abisatu zuen biktimen elkarte nagusiko eledunak. Azkenaldian eskuin muturrari entzun diogun mezu bera. Hara bakebidea garatzeko gure konplize bihurtu behar duguna nor den, inkontzientea izatera jolasten den krudela.

Euskal gudarien bahiketa ilegalen zati batekin amaitu ei du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Poza azaleratu da etsipenera kondenatua zirudien presoen borroka frontean. Kartzela politikaren aldaketaren hasiera dela diote batzuek, inflexio puntua bake prozesuan, baikorrenek.

Nik kontrakoa uste dut, eskuma immobilismoan are gehiago ainguratuko duela. Aldaketa positiboa gogoz kontrakoa izan da, kanpotik inposatutakoa. Eurek azpimarratu duten legez, umiliatuak izan dira mundu guztiaren aurrean. Eta arlo batzuetan inposizioak hobe beharrez onartzen badituzte ere, murrizketen aferan esaterako, nazio zapalduen gatazketan Europak euren aurka egiteak loa galarazten die. Katalanekin geratzen zaien argudio bakarra hori da hain zuzen ere, Europak bizkarra emango diela.

Garaipen juridikoa izan zen astelehenekoa, ez politikoa; ez dezagun ahantz, interpretazio okerrak gainontzeko presoentzat kaltegarriak diren jokabideak eragin litzake eta. Nire bizitza esperientziak dio garaipenak kudeatzea porrotak kudeatzea baino zailagoa dela. Nahigabea analitikoagoa da poztasun ekintzailearen aurrean. Porrotak ez gaitu erlaxatzen, garaipen sentsazioak legez. Lehenengoak ikasketa prozesuaren kontzientzia biderkatzen du, bigarrenak azterketa gaindituaren bide amaierako sentsazioa eragiten duen bitartean. Eta kartzelako frontean ere, bidearen zati handiena egiteke dago. Barikuan Castelloneko furgoneta berdin igaroko da Arriagatik. Kontuz garaipen sentsazioarekin, gure gaitasunik onenak anestesiatzeko joera dauka eta.

Gudari hauen askapenaren garaipena oso ondo kudeatu behar dugu. Orain arte soilik imajinatu duten gertakizun beldurgarria baita espainiar nazionalistentzat. Demostra diezaiegun euskal gatazkaren ondorio militarren konponbidea ez dela hondamendia izango espainiar nazionalismoarentzat.

Hori gure ideiak izango dira. Baina ezin dituzte kartzelatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo