GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lazcozek Ruz epaileari eskatu dio Alonsok eginiko esleipen bat ikertzeko

2005ean Alfonso Alonsok eginiko esleipen susmagarri bat ikertzeko eskatu dio Auzitegi Nazional espainolari alderdi sozialistako bozeramaileak. Lazcozen ustez, Gardelegiko instalazioa esleitzeko lehiaketa publikoan, baldintza agiria SUFIk irabaz zezan idatzi zuen PPko Gobernuak.

Ion SALGADO | GASTEIZ

PSEko udal taldearen bozeramaileak, Patxi Lazcozek, Auzitegi Nazional espainoleko Carlos Ruz epaileari eskatu dio Alfonso Alonsoren gobernuak 2005ean onartutako esleipen susmagarri bat ikertzeko. Zinegotziaren ustez, PPko alkate ohiak «Gürtel auzian» nahastuta dagoen enpresa baten aldekoa izan zedin idatzi zuen Gardelegin biltzen diren hondakinak tratatzeko instalazioaren eraikuntza eta ustiapena esleitzeko lehiaketa publikoa arautzen duten baldintzen agiria. Zehazki, SUFI enpresaren aldekoa izan zedin.

Atzo Gasteizko Udalean egindako prentsaurrekoan Lazcozek azaldu zuenez, lehiaketa publiko horretan beste aldi batzuetan erabili ez diren baldintzak gehitu zituen PPren gobernuak, hala nola balorazio ekonomikoan gutxieneko puntuazioa atera behar izatea. «Inoiz ez dira eskatu halako baldintzak ezaugarri berdinak dituen kontratu batean», nabarmendu zuen.

Horrez gain, balorazio ekonomikoa egiteko kontuan hartu ziren irizpideen konplexutasuna kritikatu zuen. «Ulertezinak dira. Baldintza agirian aplikatu behar diren formulak ere ez dira agertzen», azaldu zuen Lazcozek, eta gaineratu zuenez, lehiaketara aurkeztu ziren bost enpresetatik lau kanporatu zituen Udalak, aipatutako irizpideak ez betetzeagatik. Erabaki horrek on egin zion SUFIk beste bi enpresarekin sortutako elkarte bati, Gardelegiko instalazioaren esleipendunak izan zirelako.

«Nahierara»

«Baldintza agiria nahierara egin zela susmatzen dugu», esan zuen alkate ohiak, Alfonso Alonso Madrilera joan ondoren udal gobernura iritsi zenak. «Guk ez dugu esango legez kontrakoa dela. Ruz epaiak ikertu beharko du hori», ondorioztatu zuen.

erantzunik ez

Lazcozek azaldu zuenez, Gasteizko alkateak, Javier Marotok, oraindik ez du argitu baldintza agiri haren jatorria. Ez dakite garaiko udal teknikariek egindako testu bat ote den ala beste nonbaitetik hartu eta egokitu zuten kopia bat den.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo