GARA > Idatzia > Kultura

Su Ta Garrek «Bizirik gaude» diskoa ofizialki aurkeztu du

«Bizirik gaude» diskoa ohiko saltokietan erosleen zain dago jada. Honakoa taldearen hamargarren lana da eta taula gainera lehendabiziko aldiz igo zireneko 25. urteurrena ospatzeko baliatu dute. Lanak biltzen dituen hamar kantek gaurkotasunezko gaiak jorratzen dituzte.

p047_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Su Ta Gar euskal metal taldeak disko berria ofizialki aurkeztu zuen atzo Donostiako Kafe Antzokian. «Bizirik gaude» lan berria GARAko irakurleek aurretik eskuratu ahal izan badute ere, atzo iritsi zen ohiko saltokietara eta euskarri digitalean musika plataformetara.

Hamargarren diskoa dute hau eta taldearen 25. urteurrenarekin bat egin du (1988ko abuztuaren 14an igo ziren lehenengo aldiz agertoki batera). «Kasualitatea izan da, baina polita da zenbaki borobilak izatea. Ia urtebeteko lana da diskoa; 2012ko irailetik aritu gara prestatzen eta uztaila, abuztua eta iraila bitartean grabatu dugu», aipatu du taldeko ahots Aitor Gorosabelek. 1993az geroztik ezagutzen duten Lorentzo Records estudioetan aritu dira buru-belarri denbora horretan. «Etxean bezala sentitzen gara eta etxetik gertu dago. Erabakiak gure esku daude», azaldu zuen Xabi Bastida gitarra-jotzaileak.

Kanta gehienak taldearen ohiko estilokoak dira: hard rock, trash metal, heavy metal eta baladak ere baditu, pare bat kantaren errepikek pop tankera badute ere. Guztira, hamar abestik osatzen dute lana eta gaurkotasunezko gaiak jorratzen dituzte. Hasteko, diskoari izena ematen dion kantak, «Bizirik gaude», langile mugimenduari egiten dio erreferentzia; «botere ekonomiko eta politikoen aurrean borroka egiteko dei bat da, oraindik bizirik gaudelako», azaldu zuen Gorosabelek. Krisi ekonomikoaren ondorioz sufritzen ari diren pertsonen aldeko letrak zein Estatu espainola egiten ari den politika ekonomikoaren kontrakoak ere badira beste kanta batzuetan. Iñigo Cabacas eta bere familiaren omenez egindako kanta bat eta euskaraz bizitzearen zailtasunak salatzen dituen bat ere gehitu dituzte.

Egoera zailei aurre egiteko deialdi hori indartzeko ere balio du diskoaren azalak, mundu apokaliptiko batean zutik eta tente mantentzen den mutil bat ageri baita. Portada Xanti Rodriguez argazkilari azpeitiarraren -eta Legen Beltza taldeko ahotsak- lana da eta lehenengo zirriborroari baiezkoa eman zioten. «Orain arte inoiz edo ia inoiz ez zaigu gertatu lehenengo proposamena onartzea, baina honekin argi izan genuen», aipatu zuen Bastidak.

Orokorrean, diskoa «naturaltasun osoz» egin dute. «Oso bariatua, freskoa, zuzena eta bat- batekoa da; kantak bata bestearen atzetik etorri ziren. Horrek ez du esan nahi lanik egin ez dugunik. Adibidez, `Nazkatu naiz' abestia hasiera batean modu batera egin genuen eta gero aldatuz joan da», zehaztu zuen Gorosabelek.

Langabeentzako sarrerak

Egoera ekonomiko latza kontuan izanik, langabeak Euskal Herriko hiriburuetan eskainiko dituzten kontzertuetara joan ahal izan daitezen ahaleginduko da Su Ta Gar. Xabi Bastidak kontatu zuenaren arabera, oraindik ez dute erabaki zehazki nola egingo duten, baina taldearen asmoa langabeen artean kontzertuetarako sarrerak banatzea da. Facebook bidez beren jarraitzaileen artean zozketa egingo dute. Halaber, bertan plazaratuko dituzte hasi berri den birari buruzko xehetasunak eta NAIZen duten bloga irakurtzeko estekak.

Emanaldiak urritik urtarrilera bitartean eskainiko dituzte Euskal Herrian zein Estatu espainiarrean eta horietan kanta berriak eta zaharrak tartekatuko dituzte. Publikoa disko berria ezagutzen joan ahala, abestiak aldatuz joango dira. Oraingoz, lan berria oso harrera ona izaten ari da. Alde batetik, aldez aurretik entzuteko aukera izan zuten kazetariek, Joseba Martinek (Radio Euskadi) eta Pablo Cabezak (etxe honetako musika aditua), kritika onak egin dizkiote. Bestalde, GARArekin batera salgai jarri ziren diskoek sekulako arrakasta izan dute eta hainbat lekutan agortu egin dira.

ITXURA ZAINDUA

Diskoa bi gorputzeko «digipack» kutxan kaleratu dute Jo Ta ke zigilu propioarekin. Diseinua zaintzen saiatu dira, lana erosteko ahalegina egiten dutenak nolabait saritzeko.

Kontzertuak

Urria: Oñati, Zornotza, Donostia.

Azaroa: Madril, Hazparne, Carballo, Ourense, Zaragoza, Valentzia, Bartzelona.

Abendua: Durango, Murtzia, Guadalajara, Gasteiz, Logroño, Andoain, Azpeitia.

Urtarrila: Bilbo, Iruñea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo