Euskadi Sariak, Xabier Olaso, Jon Sudupe eta Iban Zalduarentzat
Xabier Olasoren «Tximeletrak» poema liburuak eskuratu du Euskadi Literatura Saria euskarazko haur eta gazte literatura atalean; Jon Suduperen «Oi Europa!» lanarentzat izan da euskarazko saiakerari dagokiona; eta Iban Zalduaren «Ese idioma raro y poderoso»-k jaso du gaztelaniazko saiakera saria. Falta diren atalak datorren astean jakinaraziko ditu Lakuako Gobernuak eta sari banaketa azaroaren 19an egingo da Donostian.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
«Oi Europa!» (EHU) eta «Ese idioma raro y poderoso» (Lengua de Trapo) saiakerek eta «Tximeletrak» (Pamiela) haurrentzako poema liburuak atera dira irabazle literaturako Euskadi Sarietan, bakoitza dagokion atalean. Hala jakinarazi zuen atzo Joxean Muñozek, Lakuako Kultura sailburuordeak, Donostian irabazleekin batera egindako agerraldian.
Laugarren atal bat, gaztelaniazko haur eta gazte literaturarena, eman gabe gelditu da beste urte batez. Lau urte daramatza sail honek martxan eta hirutan gelditu da hutsik. Aurten bost lan baino ez dira aurkeztu -lan horiek ez dutela Euskadi Literatura Saria jasotzeko behar adinako kalitaterik esan zuen epaimahaiak- eta, Muñozek aitortu zuenez, atal horren jarraipenaz hausnarketa egitera bultzatu ditu.
Irabazleek 18.000 euroko saria jasoko dute eta lan saritua beste hizkuntzaren batean argitaratzen bada, beste 4.000 euro eskuratuko dituzte.
Xabier Olasok (Otxandio, 1964) 2005ean ere jaso zuen Euskadi Literatura Saria, atal berdinean, «Pupuan trapua» (Pamiela) liburuarekin. Atzo azaldu zuenez, «Tximeletrak» «haren orpotik» iritsi da. «Badut trikimailu literario bat. Liburu bat bukatzean poema batzuk kanpoan uzten ditut eta horrek bidea errazten dit sorkuntzan jarraitzeko». Kanpoan utzi zituen poema haietatik abiatuta osatu du honakoa, bi atal «kontrajarri eta era berean osagarriak» dituena. Eguneko poemak ditu lehenengo zatiak, «herria, hiria, maitasuna, haur jolasak, natura, animaliak...» biltzen dituena. Bigarrenean gaua sartzen da, amets eta amesgaiztoen mundu onirikoarekin.
Epaimahaiaren esanetan, «haurrentzako poema liburu hau euskal tradizioaren ezagutza sakonetik abiatu, eta berrikuntza poetiko jostariarekin datorkigu; haurrek dituzten barne arazoak haien berezko hizkeran jasotzeko dohainarekin».
Olasok formarekin ere jolas egin du: Mendizale bati buruzko poema behetik gora irakurri behar da, karramarroarena eskuinetik ezkerrera, goitik behera eta behetik gora egiten du zaldiko maldikoarenak...
Euskal literaturaren «gida»
Iban Zaldua (Donostia, 1966) ere errepikatzailea da sari hauetan, iaz Julen Ribasen marrazkiak dituen «Azken garaipena» komikiaren gidoiarekin irabazi zuen haur eta gazte literaturako saria. Aurten gaztelaniazko saiakera onenarena eskuratu du «Ese idioma raro y poderoso; once decisiones cruciales que un escritor vasco está obligado a tomar» lanarekin.
«Kariñotik, maitasunetik egindako lana da, baina ez baldintzarik gabeko maitasunetik. Kritikoa eta erradikalki subjektiboa da, ez da liburu akademikoa», esan zuen atzo Zalduak, eta idaztean nahiz ondoren liburu honek poz handiak eman dizkiola aitortu zuen. Euskaraz ez dakienari euskal literaturaren berri ematea du helburu baina ironiaz josita eta «zorroztasuna galdu gabe».
Epaimahaiaren hitzetan, «lan pertsonala da, gaztelania egoki eta arinean idatzia, eta proposatzen dituen ideien inguruan eztabaidarako gonbidapena egiten du». Azken hamarkadetako euskal literaturaren errepasoa egiten du irakurle bezala, zer gertatu den «aldaketa handiaren» ondoren, «apaizek dominatutako» literaturatik, «inguruko literaturaren parekagarria» izatera pasa zenetik.
Saiakera atalean baina euskarazko lanei dagokienez, Jon Sudupek (Azkoitia, 1947) jaso du saria. Lehenengoz saritu dute Euskadi Literatura Sariarekin, baina «Oi Europa!» lanak Miguel de Unamuno XIII. Saiakera Lehiaketa irabazi du aurretik. Gaiaren interesa, garapen luze koherentea, ikerketa eta dokumentazio lan handia, ondo hausnartu eta landua dagoela azpimarratu du epaimahaiak, besteak beste.
Zer da Europa? Zerk egiten gaitu europar? Filosofiaren ikuspuntutik Europa zer den adierazi nahian idatzi du Sudupek saiakera hau. «Nabarmenki europazaleak diren pentsalari handi batzuk mintzo dira hemen -Kant, Heagel, Nitche...- europar desberdintasunaz edo izaera bereziaz. Filosofo horien bidez, Europak bere buruaz egiten du gogoeta», azaldu zuen Sudupek.
Datorren astean ezagutaraziko dituzte gainerako ataletako irabazleak. Sari banaketa egiteko, txandakatuz joaten dira hiriburua eta aurten Donostian egingo da, azaroaren 19an, EHUren egoitzan.
- Euskarazko haur eta gazte literatura: Xabier Olaso, «Tximeletrak» (Pamiela).
- Gaztelaniazko haur eta gazte literatura: Eman gabe.
- Euskarazko saiakera: Jon Sudupe, «Oi Europa!» (EHU).
- Gaztelaniazko saiakera:
Iban Zaldua, «Ese idioma raro y poderoso» (Lengua de trapo).