Pirinioak | Exijentzia handikoa eta zaila
«Ven venir», Peña Montañesako izaera handiko marra berria
Iker Madoz eta Toti Soleren laguntzarekin, Arkaitz Yurritak eta Unai Mendiak 250 metroko eta 7c+ zailtasuneko (7b derrigorrez) proposamena sortu dute. Bidea zabaltzerakoan protagonistok ez zuten parabolt bat bera ere jarri. Mendiak puntu gorria jarri zion.
Andoni ARABAOLAZA
Azken urteotan, Peña Montañesak eskalatzaile askoren arreta piztu du. Baina batez ere, bide berriak zabaltzeko apustuaren alde egiten duten espezialistek altxor berezia aurkitu dute mendiaren aurpegi ezberdinetan. Oro har, egiten diren bide gehienek kutsu alpinoa dute; hots, marra horietan ez da parabolt gehiegi ikusten.
Betiere beraien filosofiari jarraituz, lerrootako protagonistek ez dute zulagailuaren gehiegizko erabileraren alde egiten. Jakina, haren erabilerari ez diote muzin egiten, baina ikusten badute sormen-lana paraboltik gabe egitea posible dela, orduan beren asmoak erabat aseta geratuko dira. Hain zuzen, horixe gertatu zaie Peña Montañesako mendebal paretan sortu duten bide berriarekin.
Iker Madoz eta Toti Soleren laguntzarekin, Arkaitz Yurritak eta Unai Mendiak «Ven Venir» marra zabaldu dute. Hain justu, 2012. urteko udazkenean hasi zuten, eta amaitu, berriz, iazko udaberrian. Oro har, sei eguneko zabaltze lanak; paraboltik gabeko 250 metro eta sei luze; eta zailtasunean ere ez da motz geratzen: 7c+ (7b derrigorrez). Hitz gutxitan esanda: izaera zein exijentzia handiko proposamena. Jakina, bai teknikoki bai psikologikoki. Beste datu bat: pasa den ekainean, Mendiak bide berriari puntu gorria jarri zion.
Aipatu dugun bezala, lanak, berez, pasa den udazkenean hasi zituzten. Baina aurretik ere, Yurritak adierazi digunez, balizko marra buruan zuten: «Mendebal pareta izugarria iruditzen zait. «Sin casa, ni perro, ni jardin» bidea egitera joan nintzenean, eskuinean plaka gris ezin hobea ikusi nuen, besteak beste, jarraitutasun handiarekin eta arroka oso onarekin. Bideren bat sartuko zela iruditu eta bide bat zabaltzeko gogoa piztu zitzaidan. Ondoren, Unairi nire asmoaren berri eman nion, eta berak aitortu zidan plaka hori aztertu zuela, besteak beste, oso agerikoa zelako».
Eskalatzaileok erronkaren nondik norakoak argi zituzten. Beste era batera esanda, erronka hori paraboltak erabili gabe zabaldu nahi zuten. Biek ala biek estilo hori gustuko dute, baina paretak zalantzak pizten ditu beti. Ez zekiten zulagailua erabiliko ote zuten, paretak zein buruak batzuetan mugak jartzen dituztelako. Erronka horren alde egin zuten, eta diote txaparik gabeko bide bat sortu izana ametsa izan dela: «Bazirudien ezinezkoa zela plaka horietatik txapak erabili gabe pasatzea. Bide ona eta kalitatezkoa zabaldu nahi genuen, eta azkenean biok ala biok paraboltik gabe zabaltzen saiatuko ginela hitzartu genuen. Plaka horiei mila argazki atera genizkien, bide agerikoena bilatu nahian. Hori bai, txapak eta zulagailua petatean eramatea erabaki genuen. Estilo horrek asko eskatu zigun, eta marra zabaltzeko lau egun (ez jarraian) behar izan genituen. Benetako abentura izan zen; izan ere, ez genekien hainbat zatitan zulagailua erabiltzera behartuta egongo ginen. Argazkietan, bederen, ez zen babes naturalik antzematen».
Librean zabaldu
Jakin bazekiten zabaltze lanak ez zirela samurrak izango, batez ere kontuan izanda era askean saiatuko zirela. Mendiak azaldu digunez, oso exijentea izan zen: «Buruhauste asko eman dizkigu, baina, era berean, ilusio ikaragarriarekin egin dugu lan. Marra ondo baino hobeto bilatu eta oso ondo aztertu eta pentsatu behar duzu. Gainera, librean zabaltzen hasi ginen, eta hori askoz ere exijenteagoa da. Lanak presarik gabe hartu genituen, eta oso motibatuta geunden. Esan behar dugu ere hasieran beroak ez zigula lagundu, eta azaroan, berriz, gorriak pasa genituela: hotza, euria, kazkabarra...».
Yurritak gehitu nahi izan du, zabaltzeko era horrek errespetu handia ematen ziola: «Argazkietan ikusten zenak oso zaila zirudien. Nire luzeak egin aurretik, esan behar dut beldurra sentitzen nuela. Gero lasaitu nintzen eta konfiantza hartu ere bai. Pixkanaka egiten ari ginen horretan sinesten hasi ginen».
Sei luze lau egun ezberdinetan; eta ia marra osoa era librean zabalduta. Hori diogu, laugarren luzean, metro erdi bat, eta bosgarrenean, lau metro, artifizialean egin behar izan zituztelako. Batez ere iltzeak sartu ahal izateko. Baina, zehaztu dugunez, txaparik jarri gabe. Hitz gutxitan, Mendiak honela definitzen du «Ven Venir» marra: «Berez, bide honen ezaugarri nagusia plaka da, eta, gainera, arrokaren kalitatea oso-oso ona da. Helduleku txikiak ditu eta ez du eroririk. Beraz, eskalada teknikoa da. Luze zailenetan iltzeak daude, eta oro har nahiko agerikoa da jarraitzeko. Bigarren, hirugarren eta laugarren luzeak onak dira oso. Bigarrena expoa da, baina hirugarrena agian, arriskutsua».
Behin bidea, «Ven Venir», zabaldu ondoren, hurrengo helburua marra guztia era librean eskalatzea zen. Puntu gorria jartzeko asmoa zehaztuta zutenean, azken unean, lan kontuak zirela medio, Yurrita ezin izan zen azaldu: «Luze zailena Unaik librean ireki zuen, iltzetik iltzera era askean. Leku zailenean hainbat aldiz erori zen: eroriko luzeak bata bestearen atzetik, baina garbiak. Batez ere lauzpabost metro gogorrak ditu, helduleku oso txikiekin eta oinak ondo erabili behar dira».
Pena handiz, kidea alboan ez zuelako, Mendiak behin betiko saioari ekin zion: «Luze gogorrenean bospasei ekinaldi egin behar izan nituen. Plakazko sekzio fina da eta uste dugu derrigorrez 7b eskalatu behar dela. Hala ere, hirugarrena ere oso gogorra iruditu zitzaidan. Horrekin esan nahi dut beste luzeetan ere eskalatu behar dela. Ez dakigu Peña Montaseñako bide zailena den ala ez. Hori esateko, han dauden bide guztiak egin beharko genituzke eta ondoren, gure iritzia plazaratu. Dagoeneko badu errepikapen bat, Roger Cararachek egina. Bukatu bezain laster errepikatu zuen. Bitartean, «Mellons Obsession» marrak ia bi urte pasa behar izan ditu errepikapen bat jasotzeko. Amaitzeko, Eli Azurmendiren lana eskertu nahi genuke. Izan ere, ordu piloa pasa ditu krokisean oso ilustrazio ederra egiteko. Mila esker guztiagatik».
Ez dute txaparik erabili eta ia marra osoa era librean zabaldu dute. Mendiak, berriz, proposamen berriari puntu gorria jarri zion
Beste bi kideren laguntzarekin, Arkaitz Yurritak eta Unai Mendiak Peña Montañesan «Ven Venir» bidea sortu dute