GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Maya Gabeira Olatu handien historian bere izena idazten ari den neskato ausarta

Pasa den astean Nazaren hartu zuen olatuarekin aurtengoan ere Billabong XXL izendapenetarako saria bosgarren aldiz irabazteko asmotan dabilela erakutsi du Maya Gabeirak. Olatu handietan ere, neskek erakusteko asko dutela frogatu du brasildar gazteak.

p052_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Neguarekin batera itsaski handien sasoia indarra hartzen hasi da ipar hemisferioan, eta, hala, olatu handietako surflariak prest dira dagokien leku eta momentuan egoteko. Portugalen, esaterako, itsaski handia izan zen pasa den astean eta munduko leku desberdinetatik etorritako surflariak bildu ziren Billabong XXL hautapenetarako sarbidea emango dien irudiaren bila.

Nazareko urautsian uretako motoen laguntzaz sekulako olatutzarrak hartzen aritu ziren Carlos Burle, Pedro Escooby edo Felipe Cesarano bezalako surflariak, baina guztien gainetik neska bat gailendu zen; Maya Gabeira brasildarra, hain zuzen ere.

Maya Gabeira Brasilen jaio zen, Rio de Janeiro hirian; han hazi eta hezi zen. Sendi ezagun bateko kidea da. Bere aita Fernando Gabeirak «O Que É Isso, Companheiro» izeneko liburua argitaratu zuen 1979an, eta ordutik oso ezaguna da, batez ere politika munduan.

Aipatu liburuan, lehen pertsonan bizitako esperientziak ardatz hartuta Brasilgo diktadura militarraren aurkako erresistentziak izandako ibilbidea kontatzen du. Garai hartan Gabeira MR-8 taldeko gerrillaria zen eta 1969. urtean Burke Elbrick enbaxadore estatubatuarraren bahiketan parte hartu zuen. Gabeiraren liburua oinarri hartuta izen bereko film brasildarra ere egin zen, Hollywooden kritika onak jaso zituena eta Estatu espainolean «Cuatro dias de septiembre» izenarekin estreinatu zena.

Alderdi Berdearen fundatzaile nagusienetako bat izan zen Gabeira, baina 2002an alderdia utzi eta Langileen Alderdian sartu zen. 2008an Rio de Janeiroko alkategai izateko bere burua aurkeztu zuen hauteskundeetan, baina Eduardo Paesek irabazi zion.

Bizitza pribatuan, Reis Yame moda diseinatzaile ezagunarekin ezkondu zen Gabeira eta bi alaba izan zituzten, Tami eta Maya. Bikotea 1999. urtean dibortziatu zen eta gertaera horrek eragin sakona izan zuen Maya gaztearengan. Mayaren esanetan, trauma gainditzeko asmotan joan omen zen Australiara 15 urte zituenean.

2007an egin zioten elkarrizketa batean bere burua aitarenarekin alderatu zuen: «Nire aita eta biok oso antzekoak gara. Berak, bere energia guztia aberria hobetzera zuzentzen du, eta nik, berriz, surfean kanalizatzen dut».

Maya kasualitatez hasi omen zen surf egiten. Surf egiten zuen bere mutil lagunaren zain orduak egiten omen zituen hondartzan, eta, aspertuta, berak ere surf egitea erabaki zuen azkenean. 14 urterekin surf eskola batean lehen urratsak eman ostean, oso azkar ikasi zuen eta denbora gutxian mundu mailako surflari bilakatu zen.

17 urterekin Hawaiiko Oahu irlara joan zen Maya eta ordutik han bizi da. Olatuak onak ez direnean hamar kilometro egiten ditu korrika, eta bestela yoga egitea ere maite du. Olatu handiak hartzeko sasoian egoten saiatzen da Maya, izan ere, helburu garbia du brasildarrak: olatu handietako surfaren historian izan den emakumezko onena izatea.

Lehen sari esanguratsua 2007an eskuratu zuen, «Girls' Overall Performance» izeneko saria eman ziotenean Billabong XXL izendapenetan. Orduko hartan, gainera, bi surf saio desberdini esker lortu zuen saria. Saritutako bi irudiak leku oso esanguratsuetan egin zituen. Bata, Mexikoko olatu beldurgarrienetako batean, Kalifornia Behereko muturrean aurkitzen den Todos Santos olatu arriskutsuan. Bestea, Hawaiin, Waimeako olatu mitikoan.

Lehen sari hartatik ez da gelditu Maya. Bost bider eskuratu duelarik jada XXL izendapenetako saria; orain, seigarrenaren bila doa.

Ez dira asko olatu handietan aritzen diren neskak, baina gutxi horien artean norbait nabarmentzen bada, hori Maya Gabeira da. 26 urteko neskato honek ibilbide ezin hobea egin du olatu handien munduan, izan ere, 2007, 2008, 2009, 2010 eta 2012an berak irabazi zuen Billabong XXL izendapenetako sari nagusia eta aurtengoan ere txapela eskuratzeko aukera asko izan ditzake Portugalen hartutako olatuetan lortutako irudiekin.

Honela deskribatu zuen Gabeira berak Nazaren egindako surf saioa: «Olatua jaisten itzelezko koskak gainditu behar izan ditut, baina indar guztiekin eutsi diet, ez bainuen erortzerik nahi».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo