Surflariak eta Platon
«Surfing Euskadi» izeneko propaganda panfleto batean dagoen argazki handienetako bat da nirea, surflariok dugun ohiko irribarre inozo horrekin agertzen naiz haur bati surf egiten irakasten Haiek bezalakoak ez garela ulertu dutela uste dugunean, erlaxatzeko betarik gabe, aurrez aurre topatuko dugu hainbeste ernegatzen gaituen betiereko laguna, edo etsaia. Alegia... Platon!
Surflari Ernegatua
Surflari ernegatua zergatik naizen sarri erakutsi dut. Histeriko hutsa naizelako, edozein tontakeriak ernegatzen nauelako, edo beti gauzei punta ateratzen ari naizelako. Askotan nire gogo-aldartearen zergatia azaltzen saiatzen naiz, norbaitek, nik arrazoia deitzen dudan hori, nik ikusten dudan modu berean ulertuko duelakoan. Horrela pentsatzen dugunok ordea, hiru arazo ditugu: Platon, Platon eta Platon!
Surf egiten hasi eta urte gutxira, gainontzeko surflariengandik desberdin pentsatzen zuten lagunekin elkartu nintzen. Beti izan gara gutxi batzuk, eta batzuetan, errespetatu gaituztela ere pentsatu izan dut. Baina ez da inoiz horrela izan. Alegia, berriz ere Platon!
Soilik olatuak daudenean surf egiten duen mutiko gazte batekin izan nintzen lehengo batean. Surflarien komunitateak baztertu duen egiazko surflari horietako bat da, «poeta hilen klubeko kidea». Gauza batzuk ikuspegi beretik ikusteak sor dezakeen konplizitatea medio, eskuan aldizkari moduko bat zuela gerturatu zitzaidan. Irribarre batekin nire argazkia ikusi nuen galdegin zidan, eta, nik ezetz erantzun ostean, nire ohiko erreakzio ernegatuaren zain geratu zen. Gurasoek haien semeei berarekin ez ibiltzeko esaten dioten morroia argia da, eta, berak uste bezala, ernegatu egin nintzen.
«Surfing Euskadi» izeneko propaganda panfleto batean dagoen argazki handienetako bat da nirea. Nire burua inoiz baina handiago ageri da ia orriaren ertzetatik ateratzen den koloretako argazkian. Bertan, haur bati surf egiten laguntzen ari naiz, surflariok dugun ohiko irribarre inozo horrekin. Ondoan, gure Surf Eskolako ikasleen argazki bat ageri da. Ez dakit nondik atera dituzten argazkiak, batez ere ikasleenak, baina gure baimenik gabe argitaratutako argazkiak dira.
«Club del Producto Surfing Euskadi» delako horrekin ez dugu bat egiten Zarauzko Surf Eskolako kideok, beraz, baimenik gabe erabili dituzten argazki horietan agertu arren, haiekin inongo zerikusirik ez dugula esan nahi dut.
Zergatik ez dugun bat egiten halako publizitate kanpainekin? Arrazoiak asko dira. Lehena, gaztelera hutsean argitaratzen den ezertan ez dugu parte hartzen. Bigarrena, «marka Euskadi» horrekin ere ez dugu bat egiten, guretzako Euskal Herriko kostaldea Zierbena eta Angelu artean aurkitzen da, ez Hondarribia eta San Vicente de la Barquera artean. Eta horrez gain, zenbait kontzeptu, izen berarekin ezagutzen baditugu ere, desberdin ulertzen ditugula uste dugu.
Oker geunden ardoa mahatsarekin egiten zela uste genuenok, alderantziz baita. Mahatsa ardoarekin egiten dela diotenen zakuan sartuko gaituzte behin eta berriz, eta une batez norbaitek gure kexak entzun dituela uste dugunean, haiek bezalakoak ez garela, edo izan nahi ez dugula, ulertu dutela uste dugunean, erlaxatzeko betarik gabe, aurrez aurre topatuko dugu hainbeste ernegatzen gaituen betiereko laguna, edo etsaia. Alegia... Platon!