GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Giza eskubideak, elkarrizketa, ezabatuta

 

Ez dakit kanpoko herrietan desberdin jokatzen den, baina Euskal Herrian karrikara ateratzeko aukerak etengabe dauzkagu. Ia-ia astero dago manifestaldi edo protestaldia antolatua eta joan berri den asteburukoa sekulakoa izan da. Izan ere, Bilbon zegoen bi makroauzien kontrako deialdia, Baionan goizean Lyonen dauden bi presoek jasandako jipoiak salatzeko manifestaldia eta arratsaldeko lauretan Plantoun auzoko herritarren elkarretaratzea, okupatzen dituzten etxeetan egoteko aldarrikapena. Horrez gain, Iruñean «eskubide guztien alde» atera ziren ehunka herritar. Egun berean, Euskal Herriko leku desberdinetan aukera genuen bizi garen mundua hobetu behar dela aldarrikatzeko. Egia erran, manifestaldi horietan guztietan parte hartu dutenak zenbatzen baldin badira, zalantzarik gabe erran dezakegu herri honetan mobilizatzeko gaitasun handia badagoela, oinarrizko nahiak ez direla aseak. Herri honetan ez gara nekatu gure eskubideak aldarrikatzeaz; nahiz eta errepresio mota guztiak erabili, gurean ez da amore ematen. Hau handia da!

Bi preso jipoituak. Gertakari miserableagorik ez da. Boterearen esku, inongo defentsarik gabe dauden bi pertsona jipoitzea baino okerragorik ez dago. Zer dio Taubira ministroak gertakari horren aitzinean? Zertarako balio dio horrenbesteko kultura izateak? Zertarako balio ote dio esklabotzaren mundua, eskubiderik gabeko esparru hori guztia aztertzea bere ardurapean daudenak, herri baten alde borrokan ari direnak, babesik gabe uzten baditu? Herrien borrokak jarraitu dituelarik, zer azalpen eman dezake gertakari horren aurrean? Deus gertatu ez balitz bezala eginen ote du? Euskal presorik ez balitz bezala eginen ote du? Urtetan erakutsi duen duintasuna, kuraia, ausardia eta gaitasun militantea galduko ote ditu gertakari latz honen ondotik deus egin gabe geldituz?

Horrela, frantses Estatuak ez dizkigu seinale baikorrak igortzen azken asteotan; alderantziz, ematen du ate guztiak hetsi nahi dituela. Izan ere, ikastolak hunkituz gure hezkuntza sistema arriskuan jartzen du egiten dituen mehatxuen bitartez. Hasteko, tokiko ordezkariaren bitartez, Parisek adierazten du diru publikoa ikastola berrien eraikitzeko ez dela erabili behar. Ondotik, kantonamenduetako antolaketaren proposamen berriak Ipar Euskal Herriko mugak ez dituelarik errespetatzen, argi da frantses gobernua lurralde erreformaren inguruan egin den lan guztiaren gainetik pasatzen dela. Bukatzeko, presoak jipoitzen direlarik, bake prozesuaz zer dioten ondoriozta dezakegu. Hots, denak mezu erasokorrak.

Errepublikaren zutabe funtsezkoenak tinkatzen ditu Parisek. Eskuin muturraren aitzinatzearen aurrean bere mugimenduak egin nahi ditu sozialista omen den gobernuak. Alde batetik, hizkuntza bakarra duen eskola indartu eta Errepublikako eskolan Errepublikako herritarren ume guztiak kabitzen direla aldarrikatu. Bestetik, gogoratu errespetatzen diren muga bakarrak frantses Estatuarenak direla, horiek mugaezinak direla. Amaitzeko, disidente politikoei egoera okerrenak prestatu. Errepublika berriak, giza eskubideak, elkarrizketa, frantses gobernuaren hiztegitik ezabatu dituzke...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo