GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Sexua eta gau mahai gainekoa

Modan dauden word-coffe horietako batean izan nintzen. Adin eta sexu desberdinetako lagun kopuru polita bilduta, seiko mahaitan banatu gintuzten hogei minututik behin gai desberdin baten inguruan mintzatzeko. Horietako bat «Liburuak» izan zen. Tipikoa, orain lehen baino gutxiago irakurtzen den, liburu elektronikoak tradizionala ordezkatuko duen, liburutegira jotzen dugun... horraino iritzi argiak eta inpertsonal samarrak.

Zer-nolako literatura irakurtzen dugun. Hor aldatu ziren gauzak. Emakume batek, galdera hala ulertuta, mahaiko gizonei begiratu eta berari emakumeon literatura baino ez zitzaiola gustatzen esan zien, alegia, intrigak, ekintza bortitzak, estralurtarrak eta negozioen inguruko eleberriak, esaterako, ez zitzaizkiola batere interesatzen; eta, ordea, sentimenduei heltzen dieten istorioek, pertsonon sakon-sakonera joaten direnek, harrapatzen zutela. Hitzok esateko tonuan nabari zitzaion, apur bat, gizonak oro har ezjakin eta sinple samartzat hartzen zituela, mahaikoak barne. Hauek, noski, zer esan ez zekitela geratu ziren, eta neu, moderatzaile lanetan, Corin Telladoren jarraitzaile sutsua izateko gazteegia zirudiela baino ezin izan nuen pentsatu lauzpabost segundoz. Nahiko deserosoa izan zen, egia esan, batik bat hogei minutuetatik hamabost janda aukera gutxi egon zelako nork bere burua defendatzeko, batzuek, edo kontrako argumentuak adierazteko, besteek.

Baina, benetan, emakume haren iritzia vox populi da literaturaren munduan; zenbait arterenean, esango nuke. Egilearen eskuetatik gure gau mahaira heltzen diren arte, liburuek bide luzea egiten dute, eta bide horretan, dela emakumezko batek emakumeei eman dielako protagonismoa, dela merkataritza-estrategiagatik, «emakumeek emakumeentzat idatzitako literatura» bihurrarazten dituzte. Eta etiketa hori itsatsita, inork ezer esan gabe, buruan hitz zehatzak dantzarazten: maitasuna, harreman sozialak, familia, jendartean nork bere lekuaren bilaketa, zoriontasuna, tristura... Oraindik uste horren mende bizi garelako: emakumeon «gurintasun» aldaezina.

Uste ustel hori, kaltegarri bezain gezurrezkoa. Emakumeok, gizonek bezalaxe, ezinegon eta instintu mota oro baititugu azalpean; zaletasunen esparruan, fisiko nahiz intelektualean, gizonak bezalaxe, ez garelako guztiak pare batean metatzen; sortzaile zein hartzaile, gizonek bezalaxe, geure senari jarraitzen baitiogu, geure interesei, geure barne munduari, izango dena bortitza, leuna, atsegina edo nazkantea, denetarik apur bat, ziurrenik, baina betiere mundu honetan bizi dugunaren ondorio. Eta ez ditugu soilik lau sentimendu ezagutzen, baizik eta aukera oso zabala.

Ez naiz fio etiketez; are gutxiago mugatzeko edo produktuak zorrozki bideratzeko sortuez. Eta inola ere sorkuntzaren munduan sentsazioak nork bizi izan ditzakeen, eta nork ez, agintzen dutenez. Zikinkeria ikusten dut horren atzean, manipulazioa, eta, zinez, iraingarria iruditzen zait. Boy´s don´t cry azpiko trikimailu zaharra. Gurintasunaren esplotazio komertziala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo