58 euroko isunak autoak gidatzera ausartu diren saudiarabiar emakumeei
Agintariek esan dute Saudi Arabiako emakumeek autoak gidatzeko aukera izan dezaten egin den kanpainak porrot egin duela. Isunak ezarri dizkiete larunbatean arauak apurtu zituzten emakumeei.
GARA | RIAD
Saudi Arabiako hedabideek jakinarazi dutenez, herrialdeko hamabost emakumeri 58 euro inguruko isunak ezarri dizkiete joan den larunbatean autoa gidatzen aritu zirelako.
«Al Hayat» egunkariaren arabera, Riad, Yeda, Damman eta Yanbu hirietan autoak gidatzen harrapatutako emakumeei ezarri dizkiete aipatu isunak, eta, horretarako, Gobernuak makina bat polizia hedatu zituen herrialdean. Gainera, errepide nagusietan kontrolak jarri zituzten, Twitter sare sozialean abiatutako kanpainarekin bat egitera ausartzen zirenak atxilotzeko asmoarekin.
Kanpainarekin bat egin zuten emakumeei isuna ezartzeaz gain, erreinuko arauak betetzeko konpromisoa sinatu behar izan zuten emakumeek beraiek eta beren tutoreek (aita, anaia, senarra edo beste gizonezko senideren bat).
Hala ere, emakumeek autoak gidatzeko aukera izan dezaten egindako kanpaina geldiaraztea oso zaila dirudi. Larunbat gauean dozena bat bideo eman ziren argitara sare sozialetan (telebistak baino erabiltzaile gehiago dituzte): emakumeak ageri ziren, aginteak debekatuta daukan hori egiten; autoak gidatzen, alegia.
«Urriaren 26a egun sinboliko bat baino ez da. Saudi Arabiako emakumeak lehenago hasi ziren gidatzen, eta egun horren ondoren ere berdin-berdin jarraituko dute», adierazi du Eman Nafjan ekintzaileak. «No woman, no drive» ironiaz betetako abestia eskaintzen du sarean Hishan Fageeh idazle eta abeslariak, Bob Marleyren kanta ezagunean oinarrituta. Sekulako arrakasta lortu du sare sozialetan, Euronews telebista katearen arabera. «Anbizioz jokatu eta bazter guztietara iritsi nahi dut. Gizarteak arabiarrak eta saudiak umorea baliatzeko gai ere bagarela ulertzea nahiko nuke», adierazi du egileak.
Aziza al-Yousef Urriaren 26ko Kanpainako antolatzaileetako bat da. Berak egunero gidatzen du autoa hiriburuan, Deutsche Welle Alemaniako agentziari esan dionez. «Eta argi utzi nahi dut inolako kalterik ez didala eragin autoa egunero gidatzeak». Bere iritziz, Saudi Arabia berak eskatzen duen aldaketa onartzeko prest dago aspaldi.