Zinemari barrenak atera dizkio, literalki, Quimera FX efektu berezien estudioak
Haragia, odola, zauriak, hilotzak eta munstroak ikusi eta ukitu daitezke Donostiako Udal Liburutegiko sotoan kokatu duten erakusketa makabroan. Quimera FX estudio bizkaitarraren lana filmetarako efektu bereziak egitea da eta euren magiaren trikimailuak argitzeko asmoz prestatu dute «Errealitatea edo fikzioa?». Larunbatean Danborrada Z-ko zonbien makillajea egin ostean, oraingoan filmetako pertsonairik beldurgarrienak aurkezten dizkigute.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Quimera FX efektu berezien estudio bizkaitarrak zinemaren magiaren trikimailurik «nazkagarrienen» berri ematen du Donostiako San Jeronimo kalean dagoen Udal Liburutegiko sotoan kokatu duen erakusketan. Jada hasi dira bertatik bisitariak pasatzen. Izaki beldurgarrien artean aurki dezakegu, adibidez, «Ohe azpiko zera» film laburrean galtzerdiak jaten dituen munstro iletsua. «Gure ametsa da identifikagarria den pertsonaia bat sortzea. Atzo kalean nengoen eta familia bat pasatu zen, eta, haurrak, `begira aita, galtzerdiak jaten dituen munstroa!' esan zuen. Izugarri polita iruditu zitzaidan, guk egin dugulako munstro hori», aipatu zuen Cristina Iglesias estudioko profesionaletako batek.
Cristina Iglesiasekin batera, Gorka Agirre ere badabil lanean. Berari gustatuko litzaioke atal ugari dituen saga bateko efektu bereziak egitea, baina, momentuz, gustuko duten horretan lanean jarraitzearekin nahikoa dute. Izan ere, zuzendari askorekin egite dute lan, batik bat Paul Urquijorekin. Galtzerdiak jaten dituen munstroa egiteko muskuluak definitu behar izan zituzten aurretik, eta, gero, ileak josita dituen azala gainetik jarri. Munstroak begiak, ahoa eta belarriak mugitzea lortu behar zuten ondoren. Oro har, munstro bat sortu behar dutenean, ileak banan-banan josten dituzte azalera, eta, pertsona formako izaki bat eginez gero, horiek orratz baten bidez sartzen dituzte gorputzean.
Erakusketako piezarik deigarriena «Omnivoros» filmeko hildako batena da. Iglesiasek honela laburbiltzen du filmean gertatzen dena: «Ama bat eta bere semea mendiko etxola batean daude, eta, ama hiltzen denean, semeak, guztiz gosetuta, amaren gorpua jaten du». Hilotza egiteko, lehenik, aktorearen gorputzaren molde bat egin behar izan zuten, eta, ondoren, molde hori plastilinaz bete. Material hori moldagarria da, zauriak egiteko errazagoa. Behin nahi zuten forma emanda, gainetik silikona bota zioten gogortzeko, eta, ostean, xehetasunez pintatu. Amaitzeko, buruan eta pubisean ilea jarri zioten. Ile mota desberdinak erabiltzen dituzte: pertsonentzako benetako pertsona ilea; besoentzako, untxi ilea; animalientzako, jak ilea...
Azken ukitua errodatzen ari zirela hilotzari harrak gainetik botatzea izan zen. «Haragi ustelean ateratzen diren harrak dira, euli larbak -azaldu zuen Gorka Agirrek-. Amaitzerakoan gogotik garbitu genuen, izan ere, behin ondo garbitu ez, eta, larbak ernetzean, estudioa euliz bete zitzaigun!».
Euren lanen artean antzezlan baterako gorila bat ere badago. Zailtasunik handiena animaliaren proportzioak gizakiaren tamainara egokitzea izan zen. Agirreren esanetan, «antzerki baterako zenez eta aktoreak mozorroa denbora asko eraman behar zuenez jantzita, ahalik eta erosoena izan zedin saiatu ginen. Besoak bere tamainakoak dira, ahoa zabaldu genion, begiak hustu...».
Afizio zena, ofizio
Efektu bereziak egitea zaletasun bat besterik ez zen Agirrerentzat. Bere kabuz joan zen ikasten, eta, prozesu horretan, eragin handia izan zuten Koldo Serra edo Nacho Vigalondo bezalako zinema zuzendariek, beraiek egiten zituzten pelikuletarako laguntza eskatzen ziotelako. Gertu zituen materialak erabiltzen zituen: koltxoi aparra, ezpainetakoa, patata purea... Gozotegi batean lana egiten zuenez, bertako produktuekin ere frogak egiten zituen. «Ogi-orea aurpegiko protesiak egiteko erabili izan dut», aitortu zuen.
Iglesias, ordea, ikasketaz da makillatzailea: «Txiki-txikitatik amak nahi nituen filmak alokatzen zizkidan, beldurrezkoak barne. Efektu berezien arloan lan egiterik bazegoela ohartu nintzen, eta, nondik jo ez nekienez, makillaje artistikoa ikasi nuen. Ondoren, jende adituarekin jarri nintzen harremanetan, gu biok ezagutu ginen arte».
Bestelako munstroak dira «The Station» («Blugletscher») film austriarrean ikusi ahal izango ditugunak (Antzoki Zaharra, 22.00). Marvin Kren zuzendariaren bigarren lana da honakoa, eta ekologismoa eta zientzia fikziozko mutazio genetikoak lotzen dituen istorio bat dakar. Janek Alpeetako klima aztertzeko zentro batean lan egiten duen zientzialaria da. Normalean bere lanean ez da ezer aipagarrik gertatzen, baina, aldiz, ministroa zentrora bisitan doan egunean bertan, aldaketa klimatikoaren ondorioz urtzen ari den glaziarretik likido gorri bat irteten hasten da. Likido horrek bizidunak munstro bihurtzeko gaitasuna du. Marvin Krenen ama Brigitte Krenek aurkeztu zuen atzo filma, berak jokatzen baitu filmean zentrora bisita egiten duen ministroaren papera. «Angela Merkelen eta Austriako Barne ministroaren arteko nahasketa da nire pertsonaia. Merkelek eskuekin egiten duen keinu bereizgarri hori egin nahi nuen pelikularen uneren batean, baina ez nuen aukerarik izan. Ez zuen zentzurik keinu hori egitea munstroz inguratuta nengoenean!», aipatu zuen barrezka bi eskuetako hatz erakuslea eta lodia elkartuz. Alemaniako presidenteak berak badu pelikula honen berri, Krenek kontatutako pasadizo baten arabera. «Italian geunden filmatzen eta bera han zegoen. Galdezka gerturatu zitzaigun, eta film bat errodatzen ari ginela esan genion. Ezin nion barreari eutsi!». Aldaketa klimatikoaren gaia modu honetan jorratzen duen film bat probokatzailea suerta liteke. Hala ere, Krenek ekologismoa barregarri uzteko intentzioarekin egina izana ukatu zuen. «Kontzientzia izatea luxu bat da. Ez baduzu sagarrak erosteko dirurik, bat aurkituz gero berdin zaizu zer baldintzatan hazi duen, jan egiten duzu. Baina badaude herrialde aberats asko ekologismoaren alde gehiago egin beharko luketenak».
N.B.