GARA > Idatzia > Euskal Herria

Amnistia eta autonomia aldarri Makean

Autonomia Eraikiz kolektiboak antolatuta, amnistia eta autonomiaren aldeko ekitaldi politikoa egin zuten atzo Makean. Ehunka lagun bildu ziren bertan, eta, azken urteotan ez bezala, Iparraldeko mugimendu abertzaleko sentsibilitate ezberdinetako kideek egin zuten bat ekitaldiarekin.

p013_f02.jpg

GARA | MAKEA

Autonomia Eraikiz elkarteak deituta, ehunka abertzalek egin zuten bat atzo Makean amnistia eta autonomiaren aldarriak oinarri izan zituen ekitaldi politikoan. Historikoki Iparretarrak-en inguruko kideek aldarri izan dituzten oinarriak dira amnistia eta autonomiarenak, egun Autonomia Eraikiz elkarteak garatzen dituenak.

Herri bazkari batekin eman zioten hasiera aldarrikapen egunari. Bertan, 300 pertsona inguru bildu ziren, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleko sentsibilitate ezberdinetako jendea gerturatu zelarik. Gabi Mouesca Autonomia Eraikiz elkarteko kidearekin hitz egin zuen GARAk, eta, honen arabera, egoera arraroa izan zen atzo bizitakoa. «Aldaketa bat markatzen du abertzaleen munduan Iparraldean, gisa honetako aldarri batekin guztiok bat egiten dugula adierazten baitu», azaldu zuen. Bazkariaren ostean, musikari eta umore onari eman zioten txanda eta modu horretan igaro zituzten ekitaldi politikoa bitarteko orduak.

Aurretik zegoena baino jende gehiago bildu zen ekitaldi politikoan. 450 pertsona inguru izan ziren bi ordu baino gehiago iraun zituen ekitaldian, zeinetan hainbat ordezkariren parte hartzea izan zen. Amnistia izan zuen oinarri ekitaldiaren lehen atalak; bertan, Seaskako lehendakaria den Paxkal Indok, ELB sindikatuko laborari batek eta lurra eta etxebizitzaren gaiak jorratzen dituen kide batek hartu zuten hitza. Ondotik, presoei eta borrokan hil direnei omenaldia egin zitzaien.

Filipe Bidart izan zen Autonomia Eraikiz elkartearen izenean hitz egin zuena. Azken 30 urteetako borrokaren errepasoa egin zuen eta egun Iparraldeak bizi duen testuinguru politiko eta sozialaren inguruko bere ikuspuntua eman zuen, ondoren elkarteak aurrera begira jorratuko dituen ildoen berri emateko. Era berean, abertzaleen arteko indarrak biltzeko apustua egin behar dela aldarrikatu zuen, «desobedientzia zibilaren bideari jarraipena emanez».

Orain dela 30 urte desagertutako Popo Larre Iparretarrak-eko militantearen gaineko 25 minutu pasatxoko dokumental batek hartu zuen ekitaldiaren zati handi bat. Dokumentalak Popo Larreren desagertzearen inguruko azken urteotako «gezurrak» salatu eta heletarrarekin zer egin zuten jakin arte borrokan jarraituko dutela aldarrikatzen du. Hamar minutuko txalo zaparrada jaso zuen emanaldiak, Mouscaren hitzetan, «biziki hunkigarria izan baitzen». Ekitaldiari amaiera emateko, berriz, dantzariak eta kantariak igo ziren oholtza gainera. Amnistia eta autonomiaren eguneko zita garrantzitsuenak kontzertuei eman zien bide, aldarri egunari amaiera emanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo