GARA > Idatzia > Euskal Herria

Carrere: «Bildu desgastatu nahi dute, botere goseak bultzatuta»

Andoaingo Udalak bizi duen egoera ekonomiko larriaren aurrean oposizioak hartu duen jarrera gogor kritikatu du Ana Carrere alkateak, Bilduko Udal Gobernuaren jarduna blokeatzea erabaki dutela azalduz. Jokabide hau EAJ, PSE eta PPk duten «botere gosearen» ondorio dela uste du eta egoerak eskatzen duen erantzukizunaz jokatzeko eskatu die, «oso ongi baitakite Udalak bizi duen egoera oso larria dela».

p016_f02.jpg

Aimar ETXEBERRIA | ANDOAIN

Egoera ekonomiko larria du Andoaingo Udalak. Ohiko diru sarreren eta gastuen arteko desorekan datza arazoa, azken urteetan ia-ia parean joan direlako, Udalaren bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jartzeraino. Hala, 2008. eta 2009. urteetan, PSEren gobernupean, jada balantze honen emaitzak negatiboak izan ziren, egun bizi duten egoera iragartzen zuen adierazle ziren, beraz.

Urte horietan zehar, nahiz eta kontu orokorrek sarrerak gastuak baino gehiago zirela adierazi, Udalak jasotako diru laguntza eta maileguek estaltzen zuten benetako errealitatea. Aldiz, krisi ekonomikoaren ondorioak heldu eta Udalak jasotako diru laguntzek behera egin zutenean, egun bizi duten errealitatea azaleratu zen, zeinetan Andoaingo Udala ohiko gastuak asimilatzeko gai ez den.

Garbi dute, ordea, Udal Gobernuko kideek bizi duten arazo ekonomikoa gestio oker baten ondorio dela. «Egoera hau ez dugu guk sortu, aurrekoek baizik. Guk ohiko diru sarrerekin Udalaren funtzionamenduaren %92a finantzatu behar izan dugu, inbertsiorik egiteko aukerarik izan gabe», salatu du Ana Carrere Andoaingo alkateak.

Bizi duten egoera ekonomiko kaskarraren oinarrian 4 milioi euroko mailegu bat jartzen du, Udalak 2010ean jaso zuena. Laguntza hau jasotzeko, ordea, plan ekonomiko-finantzario bat eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren arabera, tasen igoera egin beharko litzateke ondorengo urteetan. Alta, Udalbatzak berak onartutako plana ez betetzeari ekin zioten mailegua jaso zuten urte beretik aurrera. 2012az geroztik, urtean 500.000 euro itzuli beharrean dira, Udalaren ohiko diru sarrerak handitu ez badira ere. «Egoera honetara iritsiko ginela jakin bazekiten arren, ez zuten inolako neurririk hartu. Aurreikuspenik gabe jokatu zuten eta orain guri ere ez digute neurririk hartzen uzten », salatu du.

Egoera larri hori dute egun. Eurek proposamenak garatzen badituzte ere, oposizioaren ezezkoarekin egiten dute topo. Blokeo egoera argi baten aurrean daudela dio.

Udal Gobernuaren higadura

Bilduren Udal Gobernuak agintea hartu zuen une beretik egin zituen egoera bideratzeko urratsak, Carrereren esanetan. «Soldatak jaitsi genituen, batzordeetara etortzeagatik jasotzen diren dietak birplanteatu genituen, aurrekontuetako partidak ere jaitsi genituen eta murrizketak aplikatu», azaldu du.

Alabaina, neurri horiek nahikoa ez eta proposamenak egiten jarraitu dute. Carrerek adierazi duenez, ura eta zaborrak dira ohiko gastuen zatirik handiena hartzen dutenak. Egoera horren aurrean, uraren kudeaketa Ur Kontsortzioaren esku uztea proposatu zuen Udalak, modu horretan, 15 urtean milioi eta erdi euro jasoko bailituzke Udalak, eta ohiko gastuen zati handi batez libratuko litzateke. Erabaki honek aurrekontuak parekatzea ekarriko luke alkatearen hitzetan, baina oposizioaren ezezkoa jaso zuen proposamen horrek.

Hala, tasak igotzea litzateke gaur-gaurkoz irteerarik egokiena Carrereren iritziz, baina ildo honetan ere ezezkoak besterik ez dituztela jaso azaldu du. «Blokeo egoera batera eraman dute Udala, Bilduren gobernua desgastatzea helburu duena. Gai dira, ordea, Andoain egoera ekonomiko larri batean jartzeko, zeinetan lehen kaltetuak herritarrak diren, euren botere nahiagatik bakarrik», salatu du. Horregatik, testuinguruak merezi duen erantzukizunarekin jokatzeko eskatzen die. «Guk onar dezakegu gure proposamenei ezezkoak ematea, baina eurek ere proposamenak egin ditzatela», aldarrikatu du.

Jakitun da Carrere aurrera begira erabaki gogorrak hartu beharko dituztela. «Momentuz partida guztiak blokeatzen ari gara. Horrek esan nahi du urte bukaerara bitarte egingo diren gastuak behar-beharrezkoak direnak bakarrik izango direla. Bihar egingo den udalbatzan aurkeztuko dute proposamen hau, hainbat tasa igotzearekin batera.

Proposamenak

Egindako proposamenen aurrean ezezkoa jasotzea normala dela onartzen duen arren, Carrereri ez zaio ongi iruditzen oposizioak egoera gainditzeko ekarpenik ez egitea, «zeinetan herritarrak diren kaltetuenak».

herentzia

Udalak dituen ohiko gastuei aurre egin ezin izateraino iritsi da kontua. Honen aurrean, «egoera honetara iristeko aukerak zeudela bazekiten arren», oposizioari inolako neurririk ez hartzea leporatzen dio Carrerek.

neurriak

Hainbat proposamen eramango dituzte bihar egingo den osoko bilkurara; urte amaiera bitarte aurrekontuetako partida guztiak blokeatzea edo tasa batzuk igotzea, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo