GARA > Idatzia > Euskal Herria

Tours-Bordele tarteko AHTrako dirua eskatzen hasi da RFF

Trenbide sareaz arduratzen den RFF enpresa publikoak ez du astirik galdu. Gobernuak Bordeletik Tolosara eta Akizera -eta hortik Hendaiara- arteko zatiak osatzeko asmoa iragarri bezain laster, Tours-Bordele tarteko AHT berriaren eraikuntzarako diru ekarpenak eten edo egin ez dituzten lurralde kolektibitateei egunera jar daitezela exijitu die, era zorrotzean gainera.

A. M. | BAIONA

Mont de Marsaneko auzapez Genevieve Darrieussecq kexu da. Izan ere, RFFk igorritako gutun bat jaso berri du, berak zuzentzen duen Marsan hiri elkargoari eskatuz Tours eta Bordele arteko AHT trenbidearen eraikuntzan segitzeko «zor» duen diru ekarpena -3 milioi euro- egin dezala. Trenbide sarea kudeatzen duen enpresa publikoak «gogorarazi» dio, gainera, ordaindu ezean, atzerapen interesak gehitzeko arriskua duela.

Akitaniako hiriburutik hegoalderantz abiadura handia iritsiko den «berme osorik» ez dagoenean, Darrieussecq haserre bizian jarri da moduekin.

Jean Grenet ACBA Euskal Kosta-Aturri Hiri Elkargoko presidenteak gutun bertsua jaso badu ere, ez du horrela hartu. Beraiei ere dagokien ekarpenaren -24 milioi euro- zatia egunera jartzeko eskatzen die RFFk. Datorren astean ebatziko dute aurten etendako ordainketak berrartu ala ez.

Izan ere, Mobilite 21 batzordearen irizpideei jarraiki, gobernuak Bordeletik beherako trenbidea gutxienez 2030. urtera arte ez zela eginen adierazi zuelarik -Tolosara artekoa salbu-, lurralde kolektibitate askok beren ordainketak eten egin zituzten. Kontuan hartuz beste batzuek ez zutela hitzarmena sinatu -esaterako, Landetako Kontseilu Nagusiak- edo inoiz ez zutela egin ekarpenik -Hego Lapurdi Hiri Elkargoa kasu-, bistakoa da Tours eta Bordele arteko AHT berria trantze txarrean zela.

Joan den asteazkenean, ordea, AHTren aldekoen presio arrakastatsua tarteko, gauzak aldatu egin ziren. Garraio ministroak 2027rako Akizeraino eta handik Hendaiaraino AHT osatuko zela iragarri zuen -azken zati hau 2032. urterako-. Horren jakitun bailitzan, RFFk ez du denborarik galdu eta hurrengo egunetik sosak biltzeko lanari ekin zion.

Datozen asteetan ikusiko da Estatua trenbide berrien kostuei aurre egiteko gauza ez zela-eta, Hego-mendebaldeko Proiektu Handien (GPSO) Programan sartu zituzten 57 lurralde kolektibitateek zer jarrera hartuko duten.

Horien artean, duela hilabete gutxi bere diru ekarpenak eten zituen Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusia bera dago. Georges Labazee presidentea AHTren defendatzaile sutsua izan arren, Departamenduak hartutako engaiamendua betetzea aztertzeko prest azaldu da. Alabaina, oraingoan kontseilari nagusien gehiengoaren babesa izango ote duen ikusteke dago.

ke hutsA

Ikusteke dago Georges Labazeek kontseilari nagusien babesa jasoko duen edo ez, batez ere AHTren ardatz bat Paueraino iritsiko zen promesa ke hutsean geratu denean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo