GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Irigoien Odriozola | Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna

Munduaren leihoa: «bitxikeriak»

 

«Duela hainbat urte, Lurralde Miresgarria bisitatu ostean, Alizia ispilu baten barnera sartu zen alderantzizko mundua ezagutzeko. Egun, ez luke ispilurik zeharkatu beharrik izango; aski luke leihoa ireki eta kanpora begiratzea»

Eduardo Galeano («Hankaz gora: alderantzizko munduaren eskola»)

Noiznahi eta nonahi entzun ditzakegu normaltasunari (edota normaltasun ezari) buruzko baieztapenak. Zer den normala eta zer ez finkatzen diguten esaldiak. Sistemaren propaganda medioek behin eta berriz errepikatzen dizkigutenak. Horien arabera, kapitalak agintzen duen gure gizarte egitura da posiblea den eredu bakarra, gorena. Eta hala, gehiengo zabalak, lehenago edo beranduago, gidoi horren arabera jokatzen amaitzen du(gu), gehiengoaren jokabide bera izateak ematen duen lasaitasun faltsu horren bila agian: jokatzeko modua, munduari begiratzekoa, pentsatzekoa, erlazionatzekoa, denbora eta aisia antolatzekoa...

Noizbait gelditu al gara apur bat, ordea, horren inguruan hausnartu eta gure kabuz galderak luzatzeko? Zer da normaltasun gisa azaldu nahi zaigun guztia? Normaltzat jotzera iristen garen dena? Ez ote normaltasun kontzeptu hori, norbaitek xede zehatz batzuk erdiesteko finkaturiko asmakizun hutsala?

Izan ere, munduaren leihoa beste behin ireki, eta adi begiratzea besterik ez dago, ustezko normaltasun horren atzean ezkutatzen diren hainbat bitxikeriarekin topatzeko:

Maitasunak eta sexuak gai tabuak izaten jarraitzen dute; gerrak eta indarkeria eguneroko ogi dira. Sexu eszenekin alarma pizten den bitartean, telebistan ohikoak dira hilketa eta biolentzia irudiak. Kalean biluzik ibiltzea delitua da; gerrak diseinatu eta besteen seme-alabak guda zelai arrotzetara, heriotzara bidaltzea, berriz, azken mendeko negozio errentagarriena.

Demokraziaren printzipioak aplikatuz, herri galdeketak antolatzen dituzten ordezkariak epaitu eta kontsultak debekatzen dituzte. Inori ezer galdetu gabe, nahi duena egitera dedikatzen dena, hauteskunde kanpainan hitz emandakoaren justu alderantzizkoa eginez, demokraziaren eredutzat hartzen da.

Egunetan zehar ezer jan gabe egon ostean, bizirauteko ogi barra bat lapurtzen duena, lapurtzat etiketatua eta epaitua da. Azpijoko konplexuen bidez milioiak desbideratzen dituzten enpresari, agintari, bankari edota monarkak pertsona argitzat hartzen dira.

Badira dirurik gabeko errugabeak kartzelan, besteek egindakoen kondenak betetzen. Batzuk beti errudunak dira, kontrakoa frogatu bitartean. Besteak, dirua tarteko, beti dira errugabe, aurkako froga nabarien gainetik.

Inoizko jende gehiena bizi gara munduan, eta inoizko komunikazio kanal berrienak eta ugarienak ditugu eskura. Era berean, inoiz baino bakardade gehiago dago, eta zuzeneko harremanetarako gero eta zailtasun handiagoak ditugu. Mundu birtuala erreala gailentzen ari dela dirudi...

Telebistaren aurrean, filmetako eszenekin hunkituta, emozioz negar egiten dugu. Ondoren, hiriko kalean lurrean etzanda hotzez hildako eskalea ikustean, beste aldera begiratu eta, ezer gertatu ez balitz bezala, oinez jarraitzen dugu.

Duenarekin konforme, pozik, bizi denari arraro begiratzen zaio. Ondasunak pilatu eta pilatu, lasterketa eroan ase ezinda bizi denari aberatsa deitzen zaio.

Natura eta beste izakiak errespetatuz, etorkizuna bermatuz orekan bizi zirenak basatiak ziren. Natura etengabe ustiatuz eta espezieak desagerraraziz, mozkin ekonomikoez soilik arduratzen den ereduari garapena deitzen diogu.

Jendea ekonomiaren, legeen, gobernuen edota erlijioen menpeko bilakatu da, alderantzizkoa izan beharko lukeenean.

Mendebaldeko gizarteetan, dieta zorrotzetan dirutzak gastatzen eta jateko tona ugari zaborretara botatzen dira egunero. Bitartean, Hirugarren Mundu deiturikoan, milioika pertsona gosez hiltzen dira une oro.

Txinatarrak hemengo guztiaren jabe egiten ari direla entzuten da kaleetan. Hemengo enpresek urteak daramatzatenean Txinan (zein Hegoaldeko beste herrialdeetan) hango lan esku merkeaz eta haurren lanaz baliatzen. Immigranteek euren herrialdetara itzuli behar dutela esaten duenik ere bada; guk haien jatorrizko herrialdeetatik mende luzeetan ustiatu eta lapurtutako baliabide eta aberastasun itzelei buruz, ordea, ez da ezer aipatzen.

Honen guztiaren ostean, zentzu oro galtzen du diseinaturiko normaltasunak, eta edonori sartzen zaio zalantza ea norbera ote den hankaz gora dagoena, ala mundua buruz behera aurkitzen dena... edota biak batera...

Aipatu «bitxikerien» larritasuna medio, haatik, hau dena normaltzat ikusteari utzi beharko geniokeela iruditzen zait. Eta badela garaia pixkanaka «bitxikeria» anker hauek irauli eta amaiera emateko... Etorkizun hurbil batean, kasu horiek guztiak, inork ulertu eta onartuko ez dituen iraganeko bitxikeria soilak izan daitezen.

Horretarako lan handia dugu denok ere aurretik. Has gaitezen, bada, gure inguruaz hausnartu, kontzientzia hartu, ardurak onartu eta, guztiok batera, urratsak egiten. Justuagoa, askeagoa eta guztiona izango den auzoa, herria, nazioa eta mundua ereiteko bide luzean barna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo