GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO | Kazetaria

Udazkena ezin da debekatu

 

Udazkenak Gasteizen agerraldia egin zuenean hasi nintzaizun hitz hauek idazten. Iratzargailuak astelehena iragarri zidan eta leihoak irekitzean sentitu nuen hotzikarak eman zidan urtaro aldaketaren berri.

Ondo gogoratzen ditut udazkenaren kontura zuk eta biok izandako hamaika ika-mikak. Zuk beti maite izan duzu udazkena eta niri, nire itsutasunean, ez zitzaidan buruan sartzen argirik gabeko aro hotz horrekiko erakusten zenuen maitasuna.

Gerora ulertu dut zergatik duzun horrenbeste maite eta ondo ulertu, zenbateraino sumatzen duzun orain Gasteizko udazkenaren falta. 600 kilometrora udazkenak ez duela usain bera esaten didazu eta argiak ere ez duela xarma bera. Distantziak eta amaierarik ez duten horma hotz horiek ez dizute hostoen jaustea ikusten uzten. 600 kilometrora ziegako burdin barren artean sartzen den hotzak ez zaitu gurean bezala esnatzen; 600 kilometrora udazkena ez dela udazken esaten didazu.

Aurten modu berezian eman behar genion ongietorria urtaro berriari, baina kolpe ederra eman nahi izan digu Marotoren gobernuak. Kolpea jaso eta kikildu beharrean, altxatu egin gara, baina, eta udazkena bezainbeste maite duzun Muinoko etxean bilduko gara, Gasteizko karrikak zeharkatu ostean. «Gaztetxeak Zurbanoko kupula baina xarma gehiago duela» egongo zara pentsatzen ziur asko. Gaur egun handia behar du izan Gasteizen eta horrela kontatuko dizut.

UdAZKENfest-a debekatu dute elkartasuna debekatu nahiko luketelako; baina elkartasuna debekatzea ezinezkoa da, udazkena etortzea ekidinezina den legez; zu, beste edozeren gainetik gure udazkena maite duzun hori, gurera itzultzea ekiditea ezinezkoa izango den bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo