GARA > Idatzia > Euskal Herria

Koldo ETXEGARAI eta IbaiI AGIRRE BARRENA | Gazte Dinamikako kideak

«Ezkerreko abertzaleen zatiketa historikoa gainditzea dugu xede»

Ilusioz ari dira azaroaren 2ko Jaiki Gazte Eguna prestatzen. Hilabeteetako eztabaidak egun horretan izanen du lehen emaitza, gazte erakunde berria abiatuko baita. Erronka nagusia,berriz, ez da nolanahikoa, Ipar Euskal Herriko gazte abertzale eta ezkertiar oro biltzea bere baitan.

p014_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | URRUÑA

Gazte Dinamikan urte hasieran abiatutako gogoetak gauzatze praktikoa izanen du datorren larunbatean, Baionan. Izan ere, orduan sortuko da ofizialki Ipar Euskal Herriko gazte erakunde berria.

Koldo Etxegarai eta Ibai Agirrebarrenarekin, hasieratik ahalegin horretan dabiltzan bi kiderekin, hitz egiteko aukera izan dugu. Biek ala biek gogorarazi dute Ezpeletan egindako jardunaldietan «gazteriak dituen problematika eta beharrak identifikatzetik» hasi zirela: «Behin hori zehaztuta, erantzunak emateko zein tresna, zein antolaketa behar genuen ere gogoetatu genuen. Hala, pixkanaka, gazte erakunde baten beharra islatu zen».

Larunbatean asmo hori egia bilakatuko da. «Guretzat oso egun garrantzitsua izanen da, baina ez soilik erakunde berria aurkeztuko dugulako; hortik harago, gure lehen helburua beteko dugulako, hots, hainbeste aldiz aipatutako gazte ezkertiar eta abertzale guztiak antolakunde bakarrean biltzea», azaldu du Etxegaraik.

Erronka ez da nolanahikoa. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako gertuko historian, «hainbeste ikuspegi eta pertsona gazteriari begirako antolakunde baten sorreran aritu diren lehen aldia» dela uste du Agirrebarrenak. «Antzeko zerbait aurkitzeko Gazteriak-en garaira jo behar dugu», nabarmendu du.

«Pauso ausarta»

Azken urteetan esparru politikoan EH Bairekin ezagutu den joera bera hartu ote duten galdetuta, oraindik alderdiek egin ez duten urratsa gazteek eginen dutela diote: «2007an EH Bai koalizioa sortu zenean, abertzaleak eztabaidatzen hasi ziren Ipar Euskal Herrian ez ote zuten antolakunde bakar batean egituratu behar. Baina bistan da zatiketak oraindik hor dirauela eta polo edo egitura bakar hori ez dela gauzatu. Gu, herritar ezkertiar eta abertzaleen batasunerako mezua geureganatu eta gazteok egitura batean batu behar dugula ohartu gara. Alderdi politikoek edo koalizioek oraindik urrats hori ez dutela egin ikusirik, guk iniziatiba hartu dugu. Pauso ausarta da, baina gu egitera goaz».

Hain zuzen ere, Ipar Euskal Herrian ezkerreko abertzaleen antolakundeetan historikoki gertatutako zatiketak gainditzea dute helburu, eta horregatik ez dira erakunde nazional batean (Ernai, kasu) integratu: «Nazionalki erakundetzearen aukera eztabaidatu dugularik, argi geratu da guk hemengo gazte abertzale eta ezkertiar guztiak batu nahi ditugula. Hori lortzeko Ipar Euskal Herriko Ernai sortuko bagenu, zatiketa historikoetan murgilduta izan diren alderdi edo mugimenduekin lotuko gintuzkete eta zatiketa errepikatuko genuke. Horregatik, sortuko dugu hemengo gazte erakunde bat».

Ezkerreko abertzalea den mugimendua izanik nazio erakunde batean ez izatea ez dute kontraesantzat hartzen: «Hastapenetik erran dugu gazte dinamikak eta gazte erakunde berriak Euskal Herria osoa eta askea aldarrikatzen duela. Gure erakundea Iparraldeko eremukoa da, baina nazio ikuspegia du. Guretzat, nazio erakundetzea eta nazioa ikuspegia bi gauza ezberdin dira. Erakundetze nazionalak ez dakar, berez, ikuspegi nazionala. Erakunde berriak Euskal Herri mailako gogoetak, aldarriak eta praktikak eramango ditu. Nazio ikuspegia mantenduko dugu».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo