GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

JUICIOS POLÍTICOS EN EUSKAL HERRIA

A-8a ixteagatik auzipeturiko hiru kide atxilotzeko agindu du epaileak

p007_f01.jpg

Aimar ETXEBERRIA | DONOSTIA

Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeen legez kanporatzeen ondorioak pairatzen jarraitzen dute hainbat gaztek egundo. 2007an gertatu ziren ilegalizazioak, eta ondorioz, hainbat ekimen burutu ziren Euskal Herrian. Horien artean dago bost gaztek aurrera eraman zuten ekintza, A-8 autobidea ixtea, zirkulazioa etenda. Modu horretan, ilegalizazioek euskal gazteriarengan izango zuten ondorioak salatu nahi izan zituzten, baita militantzia politikorako eta Euskal Herriaren alde lan egiteko eskubidea aldarrikatu ere.

Hala, atzo izan zen euren aurkako epaiketa, Donostiako epaitegian. Bakoitzarentzat bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen dute, hamabi urte eta erdiko kartzela zigorra orotara. Egoera honen aurrean, auzipetuetariko hiruk -Ainara Ladron, Aritz Azkona eta Naroa Ariznabarreta- epaiketara ez agertzea erabaki zuten. Euren erabakiaren berri emateko, bideo bat zintzilikatu zuten sarean, Donostiako epaitegiaren aurrean grabatua izan zena.

Sarera igotako bideo horretan -sare sozialetan oihartzun handia izan zuen- euren ekintzaren zergatiak azaldu zituzten, eta ekintza hura egin zuten garaian bezala, egun ere desobedientzia zibila tresna gisa erabiltzeko hautua egiten dutela adierazi zuten. Ildo horretan kokatu zuten epaiketan ez parte hartzeko erabakia, nahiz eta eguneroko bizia normal egiten jarraituko zutela adierazi zuten. Estatu espainolaren eta frantsesaren jarrera «immobilista» ere salatu zuten, eta horren aurrean, gazteriari borrokan jarraitzeko deia luzatu zioten. Herri aktibazioaren beharra ere nabarmendu zuten, epaiketa politiko gehiagorik egin ez zedin.

Epaiketara agertu ez zirela-eta, eurak bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen epaileak, ez jarrera xantaiatzailerik erakutsi gabe, hauek bizimodu normalarekin jarraitu eta ez ezkutatzeko erabakia hartu zutenagatik ere.

Epaiketan ere desobediente

Bost gazteetatik bik epaiketan parte hartzeko hautua egin zuten, nahiz eta han ere desobedientziaren aldeko jarrera berretsi zuten. Hauetariko batek, Saioa Zerainek, gutun bat bidali zuen GARAra, bere jarreraren berri emanez. Epaiketan euren militantzia politikoaren defentsa egin zutela azaldu zuen, «deklaratzeari uko eginez edota epaileari bizkarra emanez». Era berean, epaiketa bertan behera geratu zela gaineratu zuen.

Epaileak izan zuen jarrera ere salatu zuen, epaiketara ez aurkeztea erabaki zuten kideei «xantaia» egiten ahalegindu zela nabarmenduz. «Datozen egunetan epaitegian aurkeztuz gero ez lukeela atxilotze agindurik emango esan zigun eta epaiketa burutzeko beste data bat jarriko lukeela zin egin zigun. Baina, epaitegian aurkeztu ezean, hirurak atxilotu eta luzerako espetxeratzeko mehatxua luzatu zuen», dio Zerainen eskutitzak.

«Xantaia» horren aurrean, gaur arte garatu duten jarrera desobedientearekin jarraituko dutela azpimarratu zuen gutunean, «oso argi baitakigu elkartasunetik konpromisorako bidean eraikitzen ari garen zubiarekin epaiketa zein atxiloketei aurre egitea lortu dezakegula».

Elkartasunetik konpromisora

Bost gazteen aurkako epaiketak bere oihartzuna izan zuen, eta salaketa gisa, hainbat mobilizazio burutu ziren atzo arratsaldean bertan, gehienbat auzipetuen herrietan. Hala, Deustun, Elgoibarren, Gasteizen, Arratian eta Eibarren mobilizazioak egin ziren. Azken horretan hartu zuten parte Ainara Ladron eta Naroa Ariznabarretak, bizimodu normala egiteko hartua duten erabakiaren lekuko.

Mobilizazio guztietan testu bera irakurri zuten. Epaiketa honetan, «beste hainbatetan gertatzen den legez», militantzia politiko eta soziala bera zela epaitua salatuz hasten zen adierazpena. Egoera hori delarik ere, Euskal Herriak konponbidearen aldeko hautua egina duela azpimarratu zuten, «nahiz eta estatuek eta PNVk, jazarpenaren bitartez, jarrera immobilistari eusten dioten, herri honen determinazioa zapuztu gogoz».

«Immobilismo» horren adibide gisa hartu zuten bost gazte hauen aurkako epaiketa, baita datozen hilabeteetan garatuko diren epaiketa guztiak ere, «hala nola, Bilboko grebalarien aurkakoa, Madrilen burutzen ari diren 80 militanteren aurkakoa, Iruñean ikurrinaren auziaren bidez emandakoa... Guzti horientzat gure babesik irmoena», aldarrikatu zuten elkarretaratzeetan.

«Errepresioaren edozein oldarraldiren aurrean», konponbidearen zubian aurrera egiteko deia luzatu zuten, «jakitun garelako gehitzen dugun harri bakoitzak askatasunetik gertuago jartzen gaituela». Hala, elkartasunetik konpromisora igarotzeko unea dela aldarrikatu zuten, «epaiketekin eta atxiloketekin amaitzeko guztion bultzada behar-beharrezkoa izango zaigulako aurrerantzean ere».

epaiketa

Segi erakundearen ilegalizazioaren harira burutu zuten ekintzaren ondorioz auzipetu zituzten bost gazteek epaiketa izan zuten atzo. Hauetariko bi soilik aurkeztu ziren, beste hirurek bideo baten bidez eman zuten euren erabakiaren berri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo