GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko eremua desitxuratuko luke PSren kantonamendu antolaketak

Bi hedabidek argitaratutako berriak hautsak harrotu ditu Ipar Euskal Herriko hainbat esparrutan. Izan ere, kantonamenduen berrantolaketak ez luke, orain arte bezala, hiru euskal lurraldeetako eremua errespetatuko. Auzapezak eta hautetsi asko haserre bizian jarri dira.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

2015ean lurralde kontseilariak hautatzeko sistema berria indarrean jartzeko xedearekin, kantonamenduetako berrantolaketa prestatzen ari dira aspalditik Estatu frantsesean. Kantonamendu gutxiago izango direnez, erdia gutxi gorabehera, erreformak Ipar Euskal Herriko 21ei nola eragingo dien zain daude herritarrak zein hautetsiak. Orain artean, nahiko ziurtzat ematen zen mapa berriak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako lurraldea errespetatuko zituela.

Alta, duela egun batzuk prentsan («La Republique des Pyrenees», «Le Journal du Pays Basque») argitaratutako berriek hautsak harrotu dituzte. Izan ere, prefeta datorren azaroaren 15ean Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian kantonamenduen berrantolaketa aurkeztera doala zioten.

Are, berrantolaketa horren nondik norakoak ere [ikus infografia] aurreratzen zituzten eta horrek erreakzio sutsuak eragin ditu, batik bat, Ipar Euskal Herriko eremua eta, hortaz, pays egiturak barnebiltzen duena, ez delako errespetatzen.

Hainbat kontseilarik ziurtatu dutenez, Iholdi eta Donapaleuko kantonamenduak Bearnoko beste birekin (Salbaterra Bearno eta Nabarrengose) lotzen ditu Alderdi Sozialistan iturburua lukeen proposamenak.

Erreakzio ugari

Horren aitzinean, hautetsi ugarik beren haserrea agertu dute, esaterako, Auzapezen Biltzarrak. Beskoitzen asteburu honetan egindako bilkuran aho batez bozkatu zuen Ipar Euskal Herriko lurraldetasuna errespetatzeko eskaera. Biltzarreko buru Christine Bessonart berak eskaera zuzenean helarazteko hitzordua eskatu die bai prefetari bai Georges Labazee (PS) Paueko Kontseiluko presidenteari.

Jean-Jacques Lasserrek Forces64 taldearen izenean «lotsagarritzat» eta «eskandalagarritzat» jo du «ganibetaz mozturiko» erreforma. Max Brisson UMPko kontseilariak ere bere haserrea agertuta, «Iraultza frantsesetik lehen aldiz kantonamendu euskal-bearnesa izango genuke», nabarmendu du.

Daniel Olzomendi Izurako auzapez abertzaleak eta Nikolas Blain Makeako hautetsiak Udalbiltzaren izenean ere jokaera hori salatu dute. Olzomendirentzat, «onargarria den muga gainditzen» ari dira eta proiektu horrekin «euskal Lurralde Elkargoaren aldarrikapenari bidea oztopatzeko» asmoa agertzen dute. Blainen iritziz, berriz, «jokaldi politiko» hau «arrazoi bat gehiago da Maulen, azaroaren 30ean Baterak antolatutako manifestaziora joateko».

ERDIRA

Erreformarekin kantonamenduen kopurua erdira jaitsiko da. Egun, Pirinio Atlantikoetan 52 daude (horietatik 21 Ipar Euskal Herrian) eta, orotara, 27 izango dira aurrerantzean.

2015ean

Hurrengo kontseilariak 2015ean hautatuko dira, hau da, eskualdeko kontseilariekin batera. Kantonamenduen berrantolaketak «pays» egituran jasotako euskal lurraldea biltzea espero zuen askok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo