GARA > Idatzia > Kultura

Plateruena parte-hartzea sustatzeko gogoeta prozesuan murgilduko da 9. urteurrenean

Durangoko Plateruenak bederatzi urte bete ditu eta gogoeta prozesu batean murgiltzear da. Herritarren parte-hartzea bultzatu nahi dute Plateruena eguneratu asmoz. Gaur egingo dute urteurreneko ekitaldia.

p046_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

2004ko urriaren 28an zabaldu zituen Durangoko Plateruenak bere ateak, eta bederatzi urteotan, Durangaldean ez ezik, Euskal Herri mailan ere erreferentziazko kulturgune bihurtu da. Puntu honetara iritsita, aurrera begira jarri dira, Plateruena herritarrei zabaldu eta eguneratzeko asmoz.

Izan ere, EHUko Gizarte Zientzietako kideekin eta kultura, ostalaritza, hezkuntza, politika eta komunikabide arloko 30 durangarrekin Delphy deituriko azterketa egin dute kulturgunearen inguruko iritziak jasotzeko, eta emaitzak onak izanda ere, hobetu beharra ikusten dute bertako kideek. «Orokorrean Plateruenaren inguruko iritzia ona da. Erreferentziako kulturgunea dela ikusten du jendeak, bai Durangaldean eta bai Euskal Herri mailan. Baina bai agertu dela gabezia bat azterketa horretan. Jendeak ikusten du herritarren parte-hartzea aktiboagoa izan behar dela, hau da, eskaintzak erabakitzerakoan herritarrek eta kulturaren inguruan bizi den jendeak parte hartu behar dutela», azaldu zion GARAri Erika Urangak, Plateruenako kultur eragileak.

Horretarako, Durangaldeko kultur sortzaile eta eragileekin, kulturzale eta herritarrekin eta bertako udalarekin nahiz alderdi politiko ezberdinekin, egitasmo hau gauzatu nahi dute, beharrezko denbora hartuz.

«Kulturarekiko jendearen konportamendua ere aldatu egin da, eta hori ere gabezia da guretzat», gaineratu zuen Urangak. Gogoetan landuko da «zelan jendea aktibatu, nahiz eta gizartean funtzionatzeko moduak aldatu diren, ea zelan moldatu ahal garen gu ere».

Azaroaren 23an egingo dute lehenengo aurkezpena eta 2014an zehar dinamika jarraitua egingo dute, datorren urteurrenean, hamargarrenean, Plateruena «biziberritua» aurkezteko.

Ohitura aldaketak eta zorrak

2002an eskuratu zuen herritar talde batek udalaren jabegoa duen Landakoko hiltegi zaharra ustiatzeko hemezortzi urterako baimena. 870 herritarrek euren poltsikotik jarri zituzten baliabideak -473.000 euroko ekarpena- kulturgune herritar bat sortu asmotan. 2020ra iritsita, lizentzia beste hamar urtez luzatzeko aukera dauka udalak. Aldi hori amaitzean, eraikina eta instalakuntza teknikoa udalaren esku geratuko lirateke inolako ordainik gabe.

Duela urte batzuk programaziotik sorkuntzara ere egin zuten jauzia, Durangaldeko sortzaile eta eragile ezberdinekin elkarlanean. Bestalde, ostalaritza zerbitzua ere eskaini izan dute. «Plateruena zabalduta ostalaritzak diru-irabaziak emango zizkigula aurreikusi genuen, eta diru hori eskatutako mailegua zintzo bueltatzeko eta kultura proiektuetan inbertitzeko erabiltzea zen asmoa», azaldu zuten.

Baina aurreikuspen horiek ez dira uste bezala bete eta krisiak ere bere arrastoa utzi du. «Une honetan 280.000 euroko zorra daukagu banketxeekin. Urteko emaitzek ozta-ozta ematen dute jarduera mantentzeko lain, eta zorrari aurre egitea ezinezkoa zaigu une honetan. Urtean 45.000 euro behar genituzke, gutxienez, zorra kendu artean».

Zor horri aurre egitea zaila ikusten dute, baina «herritarrekin parte hartzen dugun heinean, eta norabide aldaketa bat baldin badago, gaur egungo egoeratik apur bat aktibatu egiten bagara, jendea ere hurbiltzen bada Plateruenara, azkenean kontsumoa egongo da, aktibitatea egongo da eta horrek berez zor bat kenduko du», uste dute. Baina udalarekin nahiz alderdiekin elkarlana bultzatzea beharrezkotzat jotzen dute. «Herritarren aldetik ikusten bada berebiziko garrantzia duela Plateruena mantentzeak, inplikatu beharko dira».

Gaur, 20.00etatik aurrera, urteurren ekitaldia egingo da eta hau guztia langile eta eragileek taularatuko duten antzerki baten bidez azalduko diete gerturatzen diren guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo