GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

«ITSASO TXURI-URDINA» abestiaren aurkezpena

Realaren elkartasun kanta aurkeztuko dute gaur Anoetan, asteartean salgai jartzeko

p030_f02_97x68.jpg

J.I. | DONOSTIA

Andoni Iraola, Real Sociedad Fundazioaren zuzendaria, Aiora Zulaika Pirritx, Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteko arduraduna, Xabier Zabala musikagilea eta Aintzane Encinas eta Mikel Gonzalez jokalariak bildu ziren atzo Zubietako prentsa aretoan «Itsaso Txuri-Urdina» abestia aurkezteko.

Kantaren bideoa gaurko derbiaren atarian ikusiko da lehenbizikoz Anoetako bideomarkagailuetan, eta asteartetik aurrera salgai izango da Realak dituen bi dendetan eta Anoetako tabernetan, bi euroren truke, gizartearen laguntza behar dutenei babesa emateko.

Helburu horretan Real Sociedad Fundazioak bat egin du Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartearekin eta aurrerantzean berorren partaide izango da beste 21 elkarterekin batera. Prentsaurrekoan adierazi zutenez, «ILGE irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa da. Izaera bereziko haurren eta horien familien babes eta arretarako elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede. ILGEk bizipoza du misio: hainbat familiarekin poza partekatzea, euskaraz eta sorkuntzatik. Auzolana du bisio, denetariko herritar, talde eta erakundek osaturiko boluntario sarea osatzea, gizartegintzaren poza bizitzeko».

Jokalariak kantari

Bere helburuak betetzen laguntzeko, Real Sociedad Fundazioa boluntario sareko partaide izango da: «Elkarrekin hainbat ekimen aurrera eramateko asmoa eta borondatea daukagu, sinatuko dugun hitzarmenaren bidez». Ekimen horietako bat da «Itsaso Txuri-Urdina» abestia. Musika Xabier Zabalak jarri du, hitzak Amets Arzallus, Pirritx, Porrotx eta Marimototsenak dira, musikari ugarik hartu dute parte eta ahotsa Realeko jokalariek eta Donostiako Orfeoi Txikiko partaidek jarri dute. Beraien asmoa, proiektuetarako dirua ateratzeaz gain, kanta honekin Reala animatzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo