GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Udazkenfest ez da PPren zuzendaritza

Aspalditik iragarrita zegoen Udazkenfest Arabako elkartasun gaua, hartarako hainbat lagunek lan itzela eginda, eta jaialdia baino hiru egun lehenago, Gasteizko Udalak baimena ukatu zion. Arazo teknikoak, omen. Segurtasuna eta. Dirudienez, segurtasun enpresaren bat kontratatzea nahi zuen alkatearen taldeak. Bere alderdiko norbaitena, esate baterako? Baina arazo teknikoekin batera, beste «arazo bat» ere tartekatu zuen Udalak, jaialdirako sarreren salmentaren etekinak antolatzaileentzat zirela iradokiz. Zer uste du jende horrek, bere alderdiko zuzendaritzaz ari dela? Errespetu pixka bat, faborez.

Gazteek, biharamunean, debekua salatu eta haren atzean bultzada politikoa sumatu dutela (nik ere bai) esan zuten. Alkate jaunak berehala erantzun zien, haserre, eta gazteek salatutakoa egiaztatu zuen, bultzada politiko hori ukatuz, hain zuzen. Alegia, jaialdia debekatzeko emandako arrazoien artean gazteen irabazi-asmoa aipatzean nabaritu zitzaiona egiaztatu egin zuen alkateak bere erantzunean. Arrazoi teknikoak baino eman gabe ere onartezina izango zen debekua, baina egoera kaskarrean diren hainbat familiari laguntzeko eskuzabaltasunez beren denbora eta lana eskaintzen dituzten gazte horiek susmopean jarrita, Udaleko gobernu taldearen jarrera eskasa agerian geratu zen.

Ezin zuten PPren agintepeko hiri batean euskal preso politikoen familiakoei laguntzeko halako ekitaldi jendetsua egiten utzi, eta kontu administratibo hutsa balitz bezala aurkeztu nahi izan zuten debeku hori erabaki politikoa dela nabarmendu zuten. Jarrera eskasa, bai, bere alderdiak egunero erakusten duen berbera. Euskal presoak urrunduta ehunka familiari zigor ekonomiko ikaragarria -errepideko arriskuaz gainera- ezarri eta haien egoera arintzeko ahaleginak debekatzeak zer izen du, bestela?

Eskerrik asko gazte horiei eta «manifestibalera» agertu ziren guztiei, nire eta, zalantzarik gabe, Arabako 56 preso politikoen, Euskal Herriko gainontzekoen eta azken hamarraldietan egoera berean izan diren milaka familien partez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo