GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Moralinarik ez, politika bai

 

Chantal Mouffe pentsalariak ekarpen handiak egin ditu teoria politikoan. Batzuendako Laclaurekin batera berritzaile; beste batzuendako, berriz, langileriaren ustezko paper historikoaren ukatzailea. Dena dela, mahai gainean jarri dituen iritziekin ados egon ala ez, pisuzko ekarpena egin du gaur egungo politikaren hainbat joeraren azterketan, besteak beste moralizazioaren salaketan.

Aski interesgarriak dira Moufferen ideiak ETAren «biktimak» erreferente politiko-moralaren garrantzia ulertzeko, esaterako. Mouffek oroitarazten digu post-politika nagusitzen den une honetan, gu-haiek bereizketa, termino politikoetan zehaztu beharrean, maila moralean eraikitzen dela. Bestela esanda, eta bere hitzak garatuz, ezkerraren eta eskubiaren borrokaren ordez, zintzotasun eta gaiztakeriaren arteko lehiaren aitzinean gaude.

Dikotomia horrela ezartzeak arerioa etsai bilakatzen du. Deuseztatu behar den etsaia. Lehiaren mami politikoa ukatuz, termino moraletan marrazten da aurkaritza, hainbat balio absolututzat hartuz. Deitu demokratak versus biolentoak, deitu modernizazioa versus progresoaren kontrakoak; finean, zintzoen eta gaiztoen arteko bereizketa egiten da.

Euskal Herria-Espainia aurkaritza terroristak eta beren lagunak versus biktimak eta biktimekiko solidario zintzoak dikotomiaren eraikuntza-operazioa aztertzeko, ikuspegi hori baliatzen ahal dugu. Izan ere, eta Finkelsteinek Palestinaren kontrako jarduera zilegi bilakatzeko sionistek hartu zuten bidearen analisi kritikoa («La industria del Holocausto») berreskuratuz, hainbat kalte pairatu dituzten pertsonenganako enpatia zenbait ideia eta egitasmo politiko mozorrotzeko erabili da.

Horrela, gatazka politikoa ukatu da. Ez dago egitasmoen arteko lehiarik, auzi morala baizik.

Bide horretatik, ETAren biktimak erreferente moralak bihurtzen dira. Beraiekin egon behar da, bai ala bai. Batzuek esan eta idatzi dutenez, ETAren biktimek beti arrazoia dute. Azterketa politikoaren ordez, balio moral absolutuak. ETAren jarduera armatuaren ondorioak jasan dituena, operazio horren bidez, jada ez da droga trafikantea, Francoren eskubiko eskua, diktadurako torturatzailea edo, beste esparrura joanaz, zorigaitzez leku zehatz batetik pasatzen zen pertsona, «biktima» baizik. Eta biktima kategoriak, kategoria moral absolutua delarik, edozertarako baimena eskaintzen du. 007 agenteak hiltzeko baimena zuen, ETAren biktimak edozer esan eta egiteko lizentzia dauka.

Hortik urrats bat egin eta «biktima» hutsa dugu. Berdin da ETAren ekintzekin lotuta egotea edo ez. Gaur egun biktimen erreferente moral nagusi Pedrazak ez du inoiz ETAren ekintzekiko loturarik izan. ETAren biktimen ordezkaria da, berriz, bereganatu duen nolabaiteko autoritate moral horren iruzurrezko jatorria agerian utziz. «Parot doktrina»-ren inguruko auziak ez du zerikusirik emakume horren drama pertsonalarekin. Aldiz, ETAri buruz jarduten agertzen zaigu emakumea etengabe, enpatia termino politikoetan baliatzeko.

Operazio hori gaur egungo lehiaren gakoetarik bat da, eta agerian utzi eta indargabetzen ez dugun bitartean, espiralean murgilduko gara. Moralina gutxiago eta politika gehiago behar dugu, beraz!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo