GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko Aizkora

Nazabal faborito dela jokatuko da Kopako finala

Lopez eta Atutxa ere gaur eguerdian Bilbon jokatuko den saioan izango dira.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Kopako finala jokatuko da gaur Bilboko La Esperanza pilotalekuan, 12.00etan. Bertan Ligako aurreneko hiru aizkolariak lehiatuko dira.

Floren Nazabal, Juanjo Lopez eta Aitzol Atutxa neurtuko dira nor baino nor. Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta bakoitzeko denborak batu ostean, onena duenak lortuko du garaipena.

Floren Nazabal da txapela lortzeko faborito nagusia. Berak irabazi du Liga, eta Kopa ere beretzat izango da, azken orduko ezusterik ez baldin bada. Atutxak eta Lopezek hori badakite, baina baita egunen batean Etxarrikoak ere huts egin dezakeela, eta ordurako prest egon nahi dute. Orain, gainera, aizkolari guztiak txapelketetan pentsatzen dabiltza. Izan ere, laster jokatuko da Nafarroako Lehen Mailako finala, eta Nazabal eta Lopezek hura ere izango dute buruan. Euskal Herriko finala ere hilabete barru jokatuko da, eta biek ala biek hura ere gogoan izango dute.

Hemendik aurrera erabakiko dira urteko txapel garrantzitsu gehienak, eta aizkolariak ere bere punturik onenean orain egongo dira. Beraz, ikuskizuna ziurtatuta dago, laurak ere oso maila onean baitaude.

Arratsaldean, berriz, 19.00etatik aurrera Gasteizen, Boulevard merkataritza zentroan jokatuko da gazteen Eroski Torneoa. Bertan, etorkizun handia duten eta jadanik izena hartzen ari diren aizkolariak lehiatuko dira.

Irazabal, Eneko Otaño, Beltza, Rodriguez II.a, Kortxero eta Naredo neurtuko dira. Euskal aizkolariekin batera segoviar bat eta asturiar bat neurtuko dira. Juanillo Rodriguez aski ezaguna da Euskal Herrian, bere aitarekin batera urte asko daramatzalako hemengo aizkolariekin lehiatzen. Naredo asturiarra, berriz, berriagoa da, nahiz eta azkenaldian gero eta gehiago ari den Euskal Herrira etortzen. Abiadurako lehiaketa izango da, zeinek enbor bat azkarrago moztu neurtuko dira, eta ikuskizuna ere oso polita iragartzen da. Rodriguez eta Otaño izango dira garaipena eskuratzeko faborito nagusiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo