GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jaione Jauregiren estradizio eskaera ukatu du Ganteko Apelazio Auzitegiak

Ganteko Apelazio Auzitegiak ezezkoa eman dio Jaione Jauregiren estradizio eskaerari, Belgikako Justiziak lehenengo instantzian hartu zuen erabakiaren kontra. Astelehenean jakingo da Fiskaltzak errekurtsoa aurkeztu eta Kasazio Auzitegira joko ote duen.

GARA | BRUSELA

Ganteko Apelazio Auzitegiak atzera bota du Jaione Jauregi estraditatzeko eskaera, Belgikako Justiziak lehenengo instantzian erabakitakoaren kontra. Euskal herritarra urriaren 8an atxilotu zuten Ganten, Belgikako eta Estatu espainoleko poliziek batera egindako operazio batean. Zortzi egunen buruan Belgikako Justiziak baiezkoa eman zion Estatu espainolak eskatutako estradizioari.

Paul Bekaert Jauregiren abokatuak baieztatu zuen berria atzo. Abokatu flandiarrak ez zituen ezagutzen Apelazio Auzitegiak erabakia hartzeko emandako arrazoiak, oraindik ez zuelako jakinarazpena jaso.

Horren haritik, astelehen honetan erabakiko du Fiskaltzak bigarren instantziako erabakiaren aurka Kasazio Auzitegira (prozesu honen azken maila) joko duen ala ez.

Jauregiren estradizioa ekiditeko, justizia espainolaren baitan euskal hiritarren giza eskubideak urratuak izateko arriskua dutela erabili du argudio gisa Paul Beakertek errekurtsoan. Horretaz gain, defentsak Jauregi Espainiaratzeko araudiak eskatzen duen «zentzuzko epea» gainditua dela defenditu du, 1979. urtean ihes egin, eta leporatzen dizkioten ustezko delituak izan zirenez geroztik 32 urte igaro direlako.

Errekurtsoan, Beakertek Jauregik bizitza normala eta publikoa egin duela adierazi du, eta azken 1o urteetan Ganteko jatetxe batean lan egin duela.

Bestalde, beste euskal hiritar baten estradizioa baimendu dute azken egunotan. Kasu honetan, Parisko Kasazio Auzitegiak argi berdea eman dio Jokin Aranalde euskal iheslariaren espainiaratzeari.

Erabaki horren aurrean, iheslari ibartarrak «intsumisioaren bidea» aukeratu duela jakinarazi zuen ostegunean gutun baten bidez. Hiru aldiz torturatua izan ostean, «ez gorputzak, ezta nire buruak ere, laugarrenez torturatua izatea jasango ez» luketela adierazi zuen.

Nabarmendu zuenez, «bistakoa da epaiketa politiko bat dela», eta horri erantzuteko, jarrera intsumisoa izatera deitu zuten politika arloko eta instituzioetako zenbait pertsona ezagunek eta mugimendu sozial eta kulturalek, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren proposamena gizarteratzeko eta prozesu demokratikoa aurrera eramateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo