GARA > Idatzia > Kultura

«The World's End», Donostiako Beldurrezko Astean irabazle

Bost lagun, hamabi taberna, 60 garagardo eta odol urdineko zenbait estralurtar. Hori izan daiteke «The World's End», Edgar Wright britaniarraren azken proposamen apokaliptiko eta umoretsuaren laburpena. Donostiako Beldurrezko Astearen aurtengo edizioan Ikusleen Saria jaso zuen atzo eta ez zen inor harritu, Sitgeseko jaialdian harrera bikaina izan baitzuen.

p044_f02.jpg

A.E. | DONOSTIA

Sitgeseko zinema fantastikoko jaialdian txalo ugari jaso zituen eta Donostian, Beldurrezko eta Fantasiazko Astea inauguratzeaz gain, jaialdiko sari nagusia lortu du. Edward Wright zinemagilea Ingalaterrako zinema fantastikoaren berriztatzailetzat jotzen dute, «Zombies Party» eta «Spaced»-en gisako lanengatik. Umorea, fantasia eta beldurra ederki uztartzen ditu egileak, eta horren adierazle da atzo Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Jaialdian Ikusleen Saria (2.000 euro) jaso zuen «The World's End» filma. Institutuari agur esateko, bost lagunek herriko pub guztietan zehar bira egingo dute, baina mozkorraldiaren eraginez ez dira azkenera iritsiko: «The World's End» izeneko tabernara, alegia.

Hogei urteren buruan, berriz elkartuko dira ahaztu ezinezko gau batean, Gary King baldarraren gidaritzapean. Gezurra badirudi ere, gizateriaren etorkizunean erabakigarria izan daitekeen gertakari batekin egingo dute topo. Konturatu gabe munduaren salbatzaile bihurtuko dira.

«The World's End» hilaren 29an iritsiko da zinema areto komertzialetara.

Carlos Torrens zuzendariaren «Sequence» film laburrak, bestalde, hainbat sari jaso ditu: film labur onenaren ikusleen saria, Estatuan eginiko film labur onenari dagokiona eta, azkenik, 120 gaztek osatutako epaimahaiaren saria.

Animaziozko film labur onenari ikusleek ematen dioten saria David Le Bozecen «L'art des Thanatier» lanak jaso du. Juliana Maitek zuzendutako «Agon» lanak (Kuba - Puerto Rico - Panama) jaso du film labur onenaren saria. Europar film labur onenari dagokion Zilarrezko Melies saria Damian McCarthy irlandarraren «How Olin Lost His Eye» film laburrak irabazi du.

Urriaren 26an hasi zen zinemaldi berezi hau, eta atzo bukatu zen, Neil Jordanen `«Byzantium» filma eskainita. Gaur zonbi-jaialdi bat egingo dute Larratxo kultur etxean, Beldurrezko Astearen egitarauaren barruan. Metal musika taldeen kontzertuekin osatu dute bertarako egitaraua; 19:30ean hasiko dira horiek.

ESTREINALDIA

Hilaren 29an iritsiko da zinema aretoetara «The World's End», fantasia, beldurra eta umorea batzen dituen Ingalaterrako filma.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo