GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Memoriaren entziklopedia (I)

 

Jorge Luis Borgesek idatzi zuen behin Marcel Schwob-en «Vidas imaginarias» izan zela bere literaturaren abiapuntua. Hain zuzen, egile frantziarraren obraren harira osatu zuen argentinarrak bere lan ezagunenetako bat, «Historia universal de la infamia». Eta eraginen kateari katebegi bat gehiago gaineratu zion Danilo Kisek (1935, Subotica, Serbia-1989, Paris) Borgesen obra ezagutu eta entziklopedia ideala egituratzeko lanari lotu zitzaionean.

Horren emaitza izan zen «Hildakoen entziklopedia», iraganeko zenbait gertaeratik abiaturik heriotzaren, eta, zergatik ez, bizitzaren gainean gogoeta egiten duen liburua, badirelako inoren arreta erakartzen ez duten heriotzak, beste horrenbeste izan diren bizimoduen ondorio.

Baina Jorge Luis Borgesen «Paradisua» poemako hitzak bere eginez, zera esaten digu Kisek: «Gizakien historian deus ez da errepikatzen, lehen begi-kolpean berdina ematen duen guztia apenas da antzekoa; gizaki bakoitza izar bereizi bat da, beti eta inoiz ez da gertatzen guztia, dena errepikatzen da infinituraino eta modu errepika ezinean».

Danilo Kisen «Hildakoen entziklopedia» buruan izan dut azken egunotan, Ann Rigneyrekin izandako enkontruaren harira. Utrectheko unibertsitatean Literatura Konparatuko saileko burua da, eta memoria ikasketetan izen handietako bat da.

Kasualitatez, antzeko interesak izateaz gainera anekdota biografiko batek lotzen gaituela ohartu ginen izan genuen solasaldietako batean: 1974ko uda Plentzian, gure amaren jaioterrian, igaro zuen herriko familia batean au pair.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo