Aitor Renteria 20113/10/31
Arroila
kazeta.info
Ipar Euskal Herriaren izanaren murrua da Parise. Izana ebatsiz, izena turismorako erakusleiho bihurtzen duen aginte makila da. Eta makil horrek gogor kalitu du Ipar Euskal Herria, Lurralde Elkargoaren aldarriari mespretxurik borobilarenarekin ihardetsiz. (...)
Ezezkoak badu koska gordinagorik eta magoak kapelatik ateratzen duen erbia bezala, kantonamenduen arramoldaketa inarrosi nahi dute sozialistek, Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko eskualdeak lotuz kantonamendu batean.
Ez da logikarik gabea, arrazoi bikoitza baitu sozialistentzat. Batetik, segurtatzen dute kantonamendu horretan sozialistek atxikiko dutela agintea, Biarnoko bozei esker. Baina sakoneko helburua mingarriagoa da oraindik. Izan ere, Euskal Herriaren «urtze» edo desegituratze prozesua indartzen baitu. Gutxi balitz, etorkizunerako leihatila hertsia erakusten dute, Lurralde Kontratua.
(...) Bi urtez, Ipar Euskal Herriko eragileek Lurralde Elkargoaren xedea landu dute, behar errealetatik abiatuz, izan dadin euskara mailan, ekonomian, hezkuntzan, laborantzan edota ordezkaritza politikoaren bermoldaketa proposatzerakoan. Tirrit! Horren ordez, Resto du Cour politikoa proposatzen du Frantziak. Lurralde Kontratuan gosez ez hiltzeko ogi koskorra eta sardina zaharra eskainiko ditu, hitzen zorabioekin aitortza eza mozorrotzeko. (...).
Parisen mespretxuak bazterrak inarrosi ditu. Ez UMPko Brisson, Lasserre zentrista edo Alaux sozialista abertzale sutsuak bihurtu direlako. Ez. Hutsaren pareko utzi dituztelako baizik. Bidean urtu dira Espagnac, Capdevielle eta enparauen sinesgarritasuna. Karguak baditu ohoreak, baina baita ere beteharrak, betiere Parisen zerbitzu eta mesederako ordainsaria.
Anartean, manifestazioa antolatu du Baterak azaroaren 30erako, Maulen. Deja vu sentsazio bitxia dakar horrek, alegia, aspaldian bizitakoaren irudia orainaren izpiluan. Ezin ekidin Lurralde Elkargoaren eta euskal departamenduaren borrokaren arteko konparaketa. (...)
Alta, garaikoari beha, Baterak, Ipar Euskal Herriko eragileek, hautetsiek, kontuan hartu beharko dute bide itsua dela etengabeko aldarria, lorpen eta gauzapenik ezean. (...) bertze zerbait beharko du Euskal Herriko urak.
Hego Euskal Herrian ere, Espainiako parlamentuak deliberatu berri du erabakitze eskubidea Espainiarena, Espainia osoarena dela. Hara non nazionalismoak deitoratzen dituen erresuman, nazionalismoaren murru sendoagoa eraiki nahi duten.
Bi murru beraz, eta erdian arroila. Ezaren murruek Euskal Herrira mugatzen dute geroaren arroila. Kanpoko ezak Euskal Herrian metatzen ditu geroaren urak. Paris eta Madrilera so, murruek nazio eraikuntzan kokatzen dituzte geroaren argi izpiak, euskal arroilan.