GARA > Idatzia > Ekonomia

Enpresarean, euskaratik eta elkartasunean lan egin nahi dutenen bilgune

Enpresa mundua euskaraz eraikitzen diharduten 40 proiekturen topaleku izan zen Arrasate. Elkar ezagutu eta eskurik esku ekimen berriak sortzeko bideak urratu nahi dituzte Enpresarean ekimenean, komunean osagarri nagusi bat jarriz: euskara.

p026_f01.jpg

Iraia OIARZABAL

Posible da euskaraz negozioak egitea, lan egitea eta proiektu enpresarialak garatzea». Uste horrekin bildu ziren ostegunean Arrasaten Euskal Herriko 40 enpresatako ordezkariak, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatutako Enpresarean 2013 hitzorduan. Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek 2010ean jaiotako proiektu honen xehetasunak azaldu zituen, eta hasieran «esperimentu» gisa sortu zena euskaraz lan egiten duten enpresen arloan aurrerapausoak emanez doan egitasmoa bihurtu dela nabarmendu zuen.

«Ohikoak dira enpresen arteko topaketak, baina guk euskaratik egin nahi genuen», aipatu zuen. Izan ere, elkargune mota hau oso erabilia da gaur egun, baina Enpresarean ekimenak euskararen prismatik begiratu nahi izan dio negozioen munduari. Helburua, euskaraz diharduten enpresen arteko elkarlana eta sinergiak sustatzea da, gero harreman sare hori zabalduz joateko.

Bide horretan, elkarrizketa saio laburrak egin zituzten Arrasaten, enpresa bakoitzak interesgarri eta lagungarri ikusten dituen beste proiektu batzuk ezagutzeko aukera emanez. Era horretan, enpresei negozio berriak egiteko aukera eman zitzaien.

Parte hartzaileek hitzorduaren balioa nabarmendu zuten. Jabi Azurmendi Bitarlan informatika zerbitzuak eskaintzen dituen enpresako ordezkaria da eta Enpresarean egitasmoaren bitartez lor daitezkeen onurak zerrendatu zituen; besteak beste, euskaraz lan egiten duten bezero eta hornitzaileak aurkitzea eta zure negoziorako baliagarriak izan daitezkeen beste proiektu batzuekin harreman sarea irekitzea ahalbidetzen duela aipatu zuen.

«Hasieratik sinistu dugu proiektuan, oso interesgarria iruditu zaigu eta uste dugu elkarlana sustatu behar dela enpresagintzan. Proiektuak elkarlanean egin, beti ere euskara ardatz hartuta», adierazi zuen.

Iritzi berekoak dira Iruñeko Labrit multimedia enpresako kideak ere. Bigarren aldia zuten Enpresarean ekimenean. Aurreko urteko esperientziarekin pozik, aurten errepikatzea erabaki zuten. «Gure burua ezagutarazi nahi dugu, gure esparruan eta gainontzekoetan harremanak egin. Eta negozioa sortzen baldin bada, askoz hobeto», aitortu zuten.

Rober Gutierrez ere pozik agertu zen ekimenak hiru urte hauetan izandako eboluzioarekin. Martxa on horren seinale, partaide kopurua handitu egin dela jakinarazi zuen. Ildo horretan, eragin zuzena izan du www.enpresarean.org plataformaren sorrerak, sarean leku fisiko bat eskaintzen baitu, enpresak harremanetan jar daitezen. Dagoeneko 140 enpresa inguru eta 200dik gora profesional daude harpidetuta.

Hizkuntza politikatik harago

Bada egitasmo honi bultzada garrantzitsua eman dion beste proiektu bat, Gipuzkoako Aldundiarekin sinatutako hitzarmen bati esker sortu zena: Enpresarean azoka. Bi urtean behin egiten den topagune honek 2014an dauka hurrengo hitzordua. Ohiko azoketan bezala, enpresa bakoitzak bere produktua eta izaera aurkezteko aukera dauka bertan.

Bestalde, epe laburrean abiatu nahi duten proiektu baten berri eman zuen Gutierrezek, «Lansarean» deritzona eta enpresei zein langile eta ikasleei zuzenduta egongo dena. Zehazki, lan bilatzaile bat izango da, euskaraz lan egingo duten pertsonak eta enpresak harremanetan jartzeko. Orain garapen fasean dago, baina abendurako funtzionamenduan egotea espero dute.

Arlo ezberdinetako proiektuak batu ohi dira Enpresarean bezalako egitasmoetan, nahiz eta Gutierrezek azaldu bezala, zerbitzu eta komunikazio munduko enpresak nagusitzen diren. Herrialdeei dagokienez, oraingoz nabarmena da Gipuzkoako nagusitasuna, nahiz eta Bizkai, Araba eta Nafarroako enpresak ere batu diren.

Beste sektore eragile batzuk erakartzea da hurrengo erronka. Esaterako, instituzioen aldetik ekonomia eta garapen arloen parte hartzea ezinbestekoa iruditzen zaio. Baita sindikatuena eta beste arlo produktibo batzuena ere, industria kasu. «Hau ez da hizkuntza politika bakarrik. Hau ere bada enpresa, hau ere bada berrikuntza... Beste ikuspuntu batetik begiratu behar dugu kontu hau eta kosta egiten da beste sail horiek inplikatzea», aitortu zuen Gutierrez. Horregatik, euskara lehiakortasunerako ezinbesteko tresna gisa ikusi behar dela nabarmendu zuen, abiapuntu horretatik bide berriak urratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo